Kohesio funtsak erreformatzeko konpromisoa betetzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Osasun Ministerioari
Monica Garcia Osasun ministroa Lurralde Arteko Osasun Kontseiluaren bilera baten ostean. Artxiboko argazkia: Europa Press
Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ostiral honetan Osasun Ministerioari eskatu dio bete dezala kohesio funtsen kudeaketa eredua bideratzeko Euskadirekin hartutako konpromisoa.
Osasun Sailak onartezintzat jo du Ministerioak sistema horren urritasunen inguruan oraindik ere ezer ez egitea eta, aldi berean, likidazioak ordaintzeko eskatzen jarraitzea. Irailean, Euskadik 51 milioi euroko faktura jaso zuen, 2023ko eta 2024ko funtsekin lotuta. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du ez duela zenbateko hori ordainduko, hori justifikatuko duen lege estaldurarik, araurik eta bidezko konpentsazio eredurik ez dagoen bitartean.
Martinez Madrilera joan da Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde Arteko Kontseiluaren bileran bertatik bertara parte hartzeko.
Bete gabeko konpromisoak Euskadirekin
Eusko Jaurlaritzak salatu duenez, Osasun ministroak ere bere taldeak egoera iraultzeko eta eredua berrikusteaz arduratuko zen bideari ekiteko konpromisoa hartu bazuten ere, lan horiek geldirik daude.
“Osasun Ministerioak oraindik bete gabeko konpromisoak ditu Euskadirekin. Ezin du legealdi hau itxi Euskal Autonomia Erkidegoko gizarteari erantzun gabe eta Kohesio Funtsen kudeaketa-eredua bideratzeko konpromisoa bete gabe”, adierazi du sailburuak.
Iraina Euskadirentzat
Kohesio Funtsen egungo sistema "iraina" da Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrentzat. Osasun Sailak zabaldutako datuen arabera, 2012tik 2022ra bitartean Euskadik 169 milioi euro eman zizkion Kohesio Funtsari, hau da, zenbateko osoaren % 60 inguru, nahiz eta Estatuko biztanleria osoaren % 5 soilik izan.
“Ezinezkoa da herritarren % 5ek Estatu osoko fakturaren % 60 ordaintzea”, eman du aditzera sailburuak, eta nabarmendu du eredu hori ez dela bidezkoa, ez dela gardena eta ez duela beharrezko segurtasun juridikorik.
Hori dela eta, Osasun Ministerioak bere konpromisoak betetzen ez dituen bitartean, eta beharrezko erreformari heltzen ez zaion bitartean, Eusko Jaurlaritzak ez ditu Ministerioak eskatutako 51 milioiak ordaindukoeutsiko dio likidazioa ez ordaintzeko jarrerari.