ERCk boto kopurua hirukoiztu du eta CiUri irabazi dio Katalunian
ERCk irabazi ditu Europako hauteskundeak Katalunian; izan ere, 2009ko hauteskundeetan jasotako botoen kopurua hirukoiztu du, eta hautesleen % 23,67ren babesa lortuta, CiUri gailendu zaio, azken horrek botoen % 21,86 lortu baititu.
Botoen % 99,6 zenbatuta, CiUk 2009an baino 100.000 boto gehiago jaso ditu, baina ehunekotan sei hamarren jaitsi da. PSC izan da hirugarren indarra, botoen % 14,28 eskuratuta, baina 2009an lortu zituen botoen erdira jaitsi da.
ICV-EUiAk PPk baino boto gehiago lortu ditu Katalunian, guztira 257.000 (% 10,3), 2009an halako bi. PPk, berriz, duela bost urte baino 100.000 boto gutxiago jaso ditu, eta % 18tik % 9,8ra jaitsi da.
Ciutadansek botoen % 6,3 lortu ditu; Ahal Duguk, % 4,66, eta UPyDk, % 1,29.
Oriol Junqueras ERCren burua oso gustura agertu da lortutako emaitzarekin, eta garaipena "azaroaren 9ko kontsultaren zerbitzura" jarriko dutela iragarri du.
Parte-hartze handia
ERCren garaipenaz aparte, bozketan izan den parte-hartze handia da Europako hauteskundeek Katalunian izan duten datu azpimarragarriena. Izan ere, % 10,69 igo da parte-hartzea aurreko Europako hauteskundeen aldean, % 47,63raino.
Multierreferendum mahaiak
Europako hauteskundeekin batera Katalunian egin dituzten multierreferendumeko hainbat mahai erretiratu dituzte Esquadra Mossoek, Albert Puy galdeketaren antolatzaileak salatu duenez. Guztira 276 mahai jarri dituzte Katalunian.