1.820.645 lagunek izango dute Euskadin botoa emateko eskubidea azaroaren 29an, 2023an baino % 1,76 gehiagok
Estatuko Administrazio Orokorreko 1.800 ordezkari baino gehiago ariko dira igandean jardunaldia zaintzen; guztira, 713 hautesleku, 2.691 mahai, 5.382 hautetsontzi eta 2.798 kabina izango dira.
2023ko hauteskundeetako EFEren artxiboko argazkia.
Euskadiko 1.820.645 hautesle daude deituta datorren azaroaren 29ko hauteskunde orokorretan botoa ematera, hau da, 2023ko hauteskundeekin alderatuta, % 1,76 gehiago. Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak hauteskunde egunerako logistika eta segurtasun dispositiboaren xehetasunak aurkeztu ditu, prentsaurrekoan.
Nabarmendu duenez, Euskadin bizi diren 1.727 975 pertsonak (CER botoa) eta atzerrian bizi diren 92.670ek (CERA botoa) osatu dute errolda. Halaber, azaldu du Estatuko Administrazio Orokorraren 1.800 ordezkari baino gehiago ariko direla jardunaldia behar bezala zaintzen, guztia "normaltasunez" joan dadin.
713 hautesleku eta 5.382 hautestontzi
5.382 hautestontzi egongo dira, 713 hautesleku eta 2.692 mahaitan banatuta: 101 Araban, 336 Bizkaian eta 276 Gipuzkoan.
Bestalde, 8.073 herritarrek dute lehen hitzordua mahaian titular gisa aritzeko (mahaiburuak eta lehen eta bigarren mahaikideak), eta beste 16.146 ordezko gisa deitu dituzte.
73.494 pertsonak eskatu dute posta bidezko botoa
Bestalde, 73.494 pertsonak eskatu dute posta bidezko botoa. Aurreko hauteskunde orokorrekin alderatuz gero, kopuru nabarmen txikiagoa (214.721 izan ziren orduan). Nolanahi ere, Garmendiak gogora ekarri du 2023an hauteskundeak udan izan zirela, eta, beraz, jende askok posta bidezko botoa eskatu zuela, oporrak zirela eta.
Lurraldeka, 39.868 eskaera Bizkaiari dagozkio; 10.078, Arabari, eta 23.548, Gipuzkoari
Azaroaren 29ko berrikuntzak
NANa mugikorrean: hauteskunde-mahai guztiek NAN irakurgailu elektroniko bat (MiDNI) izango dute lehen aldiz, mugikorraren bidez identifikatu nahi duten hautesleentzat.
Etxez etxeko boto irisgarria: lehen aldiz, ikusmen-desgaitasuna dutenei egokitutako botoa etxera bidaliko zaie. Braille-kitaren eskaerak hirukoiztu egin dira aurten: 2023an 28 izan ziren, eta, hauteskunde hauetan, berriz, 98.