Alerta laranja asteazken eta ostegunean EAEn, 80 litrotik gora utz ditzaketen euri iraunkorrengatik
Abisu horia mantenduko da 4 metrotik gorako olatuengatik eta 100 km/h-ko haizeteengatik Kantauri isurialdean.
EFEren artxiboko argazkia.
Asteazkenean, negu giroa Euskal Herri barru-barruraino sartuko da. Tenperaturek nabarmen behera egingo dute eta haizea eta itsaso txarra ibiliko dira. Hala, meteorologia agentziek abisu horiak ezarriko dituzte asteazkenean olatuengatik, haizeagatik eta euriteengatik, batez ere Kantauri isurialdean eta euskal kostalde osoan.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak laranja bihurtu du asteazken eta ostegunerako eurite iraunkorrengatik ezarritako alerta, Kantauri isurialdean 80 litro/m2 baino gehiago pilatu daitezkeelako. Alerta asteazkeneko 09:00etatik osteguneko 09:00etara egongo da indarrean. Prebisioak zaparrada ertainak iragartzen ditu, iraunkorrak eta toki batzuetan gogorrak izan daitezkeenak, eta ekaitzak jotzeko probabilitatearekin.
Nafarroan, Estatuko Meteorologia Agentziak (AEMET) abisu horia ezarriko du euriagatik, 08:00etatik asteazken gauerdira arte.
Abisuak olatu handiengatik kostalde osoan
Euskadin, asteazkeneko 09:00etatik osteguneko 06:00etara abisu horia ezarriko da nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik. Iragarpenen arabera, olatuen altuera adierazgarria 3,5-4 metrotik gora igoko da egunaren bigarren zatian, eta ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 2,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu.
Gainera, 16:00etatik 18:00etara abisu horia ezarriko da itsasaldeko arriskuagatik. Olatuen altuera adierazgarria 4,5 metro ingurukoa izango da. Itsasgora 16:55ean izango da, 4,81 metroko marearekin.
Bestalde, Meteo-France Frantziako meteorologia agentziak Ipar Euskal Herriko kostalde osoan abisu horia aktibatuko du 02:00etatik 20:00etara, olatu handiak izango direlako, eta itsasgorarekin batera, 16:45 aldera, bost metro inguruko olatuak altxatuko ditu.
Haize bolada gogorrak haizeguneetan eta kostaldean
Halaber, abisu horia ezarriko da haizeguneetan, 12:00etatik 24:00etara, Kantauri isurialdean mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladak 100 km/h-tik gorakoak izan daitezkeelako, batez ere kostaldean.
Halaber, 12:00etatik 18:00etara abisu horia egongo da indarrean haize-arriskuagatik haizeguneak ez diren lekuetan, Kantauri isurialdean mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezaketenean, batez ere itsasertzetik gertu.