Ia 16 urteko kartzela-zigorra ezarri diote futbol entrenatzaile eta Osasunako ikuskatzaile ohi bati, adingabeei sexu-abusuak egiteagatik
Auzitegiaren iritziz, egiaztatuta geratu dira biktimek epaiketan zehar kontatutako gertakariak, bai eta akusatuak Osasunarekin zuen lotura baliatzen zuele delituak egiteko.
Errioxako Probintzia Auzitegiak 15 urte eta 10 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio Logroñoko Varea Kirol Taldeko futbol entrenatzaile ohiari eta Osasunako ikuskatzaile ohiari, hamar delitu egotzita, besteak beste, 16 urtetik beherakoei sexu-abusua egitea, sexu-jazarpena egitea, sekretuak aireratzea eta haur-pornografia edukitzea.
Auzitegiaren iritziz, egiaztatuta geratu dira biktimek epaiketan zehar kontatutako gertakariak, bai eta akusatuak Osasunarekin zuen lotura baliatzen zuela ere delituak egiteko.
Epaiaren arabera, nerabeei futbol-ibilbidean aurrera egiteko eta Osasunara iristeko aukera ematen zien, eta, promes horren pean, eduki sexualeko argazkiak eskatzen zizkien eta bakarka topaketak hitzartzen saiatzen zen.
Era berean, epaiak frogatutzat ematen du akusatuak aldageletan zegoela aprobetxatzen zuela adingabeei argazkiak ateratzeko, haien baimenik gabe, dutxatzen ziren bitartean; haurrak ez ziren entrenatzailearen asmoez ohartu, ez baitzitzaien arraroa egin hark eskuan mugikorra eramatea.
Zigortuak zuzentzen zuen taldeko sei adingaberi eragin zieten erasoek.
Halaber, 7.920 euroko isuna ezarri dio gizonari, eta biktimei orotara 29.000 euroko kalte-ordainak ordaintzera ere behartu du.
Auzitegiak kalte-ordain horiek ordaintzearen erantzule zibil subsidiariotzat jo du Club Atletico Osasuna, talde horrentzat lan egiten baitzuen akusatuak, delituak egin zituenean.