Emakumeen aurkako indarkeria kasuak % 11 igo dira Euskadin 2026ko lehen hamar hilabeteetan
Guztira, emakumeen aurkako 6.646 indarkeria kasu izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan urtarriletik urrira bitartean, eta mota horretako delituen kopuruak gora egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazioa, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE.
Emakumeen aurkako 6.646 indarkeria kasu izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) urtarriletik urrira bitartean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak asteartean zabaldutako datuen arabera. Guztira, pasa den urteko aldi berean baino 671 gehiago (% 11,23) izan dira, orduan 5.975 erregistratu baitziren.
Kasu gehienak bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindako ohiko tratu txar fisikoak, hertsapenak eta mehatxuak izan dira.
Aurten ez da hilketa matxistarik gertatu EAEn, hala ere, bikotekideek edo bikotekide ohiek emakumeen aurkako lau hilketa saiakera egin dituzte.
Gaur-gaurkoz, 6.917 emakumek dute Ertzaintzaren nolabaiteko babesa, eta horietatik 97 arrisku egoera maila handienean daude.
Emakumeen aurkako indarkeria datuak (2026ko urtarriletik urrira)
- Genero indarkeria: 2026an Ertzaintzak jasotako salaketa gehienak bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindako indarkeriarekin lotuta daude. Guztira, 4.781 kasu erregistratu dira, aurreko urtean baino % 11,11 gehiago. Kasu gehienak bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindako ohiko tratu txar fisikoak, hertsapenak eta mehatxuak izan dira.
- Etxeko indarkeria: aurten 1.205 kasu erregistratu dira, 2025eko aldi berean baino % 17,79 gehiago; orduan 1.023 kasu zenbatu ziren.
- Sexu indarkeria: azkenik, sexu askatasunaren aurkako delituen kopuruak zertxobait gora egin du 2026ko eta 2025eko aldiak alderatuta. Aurten 660 kasu erregistratu dira, iaz baino 11 gehiago; hau da, % 1,69ko igoera. Gehienak sexu-erasoak izan dira: 388 kasu, aurreko urtearekin alderatuta % 4,9ko beherakada. Sexu eraso larrienen kopuruak, aldiz, gora egin du: 2025ean 126 izan ziren, eta aurten 155.
2.254 indarkeria kasu aktibo Nafarroan
Nafarroari dagokionez, gaur egun 2.254 indarkeria kasu aktibo daude, Viogen Polizia sistemaren arabera. Apirila eta ekaina bitartean, Nafarroako epaitegiek 871 salaketa jaso dituzte, aurreko urteko aldi berean baino % 8,2 gutxiago, Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiaren arabera.
Salaketen kopurua jaitsi egin da (78 gutxiago), 2025eko apirila eta ekaina bitartean erregistratutako 949 salaketekin alderatuta. Aldi berean, 176 babes agindu eskatu dira eta horietatik epaileek 144 onartu dituzte. Nafarroako biktimen tasa 23,6koa da 10.000 emakumeko, Espainiako Estatuko batezbestekoaren gainetik.
2026an, bi emakume hil dituzte bikotekide edo bikotekide ohiek Nafarroan: lehena, Sarrigurenen otsailaren 20an, eta, bigarrena, Arguedasen, maiatzaren 16an.