EHU-iBio zentro berriak animalien, landareen eta gizakien arteko osasun harremana ikertuko du
Zentroa Bizkaiko campusean dago, Maria Goyri eraikinean. Disziplina ezberdinetako 100 ikertzaile baino gehiagok aztertuko dute nola eragiten duten osasunean izaki bizidunen eta ingurunearen arteko harremanek.
Ingurumen eta Giza Osasuneko Ikerketa Integratiboko Euskal Zentroa (iBio, ingelesezko akronimoa) jaio da. Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) zentro berriaren helburua da landareen, animalien, gizakien eta haien arteko elkar-ekintzetan osasunean eragina duten prozesu biologikoak argitzea.
Zentroak premisa bat du abiapuntu: "Ezin da pertsona osasuntsurik egon gaixo dagoen ingurune batean". Hala, giza osasuna ezin dela modu isolatuan ikertu, zientziak frogatuta duelako gizakion osasuna ekosistema oso batean kokatuta dagoela, eta horrengan eragin zuzena dutela animalien, landareen edo ekosistema beraren osasunak. Horren erakusle, gizakiei eragiten dieten gaixotasunen % 60 animalietatik datoz (portzentajea handiagoa da, % 75ekoa, eritasun berrien kasuan).
IBiok hainbat diziplinatako ikertzaileak ditu lanean: Zientzia eta Teknologia, Medikuntza eta Erizaintza fakultateetako profesionalak, 100 baino gehiago. Ikerketa taldeak hiru arlo nagusi izango ditu aztergai: nekazaritza-biologia, biodibertsitatea eta biomedikuntza.
EHUk nabarmendu duenez, aipagarria da zuzendaritza postuetan dauden emakume kopuru handia. Izan ere, ikerketa taldeen arduradunen % 70 andreak dira.
Inaugurazio ekitaldian Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua eta Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea izan dira, besteak beste.
Bengoetxeak azaldu duenez, "denbora luzez, giza osasuna, animalien osasuna eta gure ekosistemen egoera konpartimentu estanko gisa landu ditugu, baina zientziak eta azkenaldiko esperientziak erakutsi digute muga hori ez dela existitzen.".
Bestalde, Perez Iglesiasek nabarmendu du diziplinen arteko lankidetza ez dela gaitasunak batzea bakarrik. "Talde bakoitzak bere aldetik lan egingo balu sortuko ez liratekeen aukera zientifiko berriak sortzea da”, argitu du.