UEFA Europa Ligako finalaren itzulkina inbertsioa halako hamar izango dela uste du Bilboko Udalak
Bilboko Elkarrekinek eta EH Bilduk datu zehatzagoak eskatu dituzte, ingurumen-inpaktuari, benetan sortutako enpleguari eta proiektatzen den hiri-ereduari buruz.
Bilboko Udaleko Gobernu Taldeak 2025eko UEFA Europa Ligako finalaren inpaktuaren behin-behineko balantzea aurkeztu du. Joan den maiatzean egin zen, eta nabarmendu du itzulkin ekonomikoa egindako inbertsio publikoa (lau milioi euro) halako hamar izan dela. Kontxi Claverrek, Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotziak azaldu duenez, ekitaldiaren kari 400 kontratu sortu ziren.
Zabaldutako datuen arabera, aurreko astearekin alderatuta, maiatzaren 20an, 21ean eta 22an merkataritza-jarduera % 12 igo zen, eta % 25, finalaren egunean.
Udalak adierazi duenez, ostalaritza izan zen “onura gehien lortu zuen sektorea”, operazio-kopuruan %70eko gorakada izan baitzuen. Ametzola parkean eta finalerako beren-beregi bideratutako eremuetan %300era arte igo zen tasa. Basurtu, Alde Zaharra, Indautxu edo Bilbo Zaharra auzoetan ere eragina positiboa izan omen zen, eta, Claverren arabera, horrek erakusten du "onura ekonomikoa erdigunetik haratago doala eta horrelako ekitaldietatik kanpo geratu ohi diren auzoetara ere iristen dela".
Itzulkin ekonomikoaz gain, Udalak herritarren harrera ona azpimarratu du: bertakoen asebetetzearen berri izateko egindako inkesten arabera % 92koa izan zen datua, onerako, eta % 80k horrelako ekitaldiak antolatzen jarraitzearen alde egiten dute. Halaber, Euskadin ostatu hartu zuten pertsonen % 53k "gastronomiaz eta kultur eskaintzaz gozatzeko aprobetxatu zuten".
Gauzak horrela, oposizioak informazio falta kritikatu du. Bilboko Elkarrekin taldeak Claver zinegotziak agerraldia egin dezala eskatu du, 2025eko UEFA Europa Ligako finalak izan duen eraginari buruzko informazioa eman dezan. Haien iritziz, tamalgarria da ekitaldia egin eta ia bi hilabetera, "horri buruzko informazio gehiago” ez egotea. Xabier Jimenez Lopez zinegotziak eskatu du Udalak gardenago joka dezala.
EH Bilduk, bere aldetik, ohartarazi du hiriak baduela “muga bat”, eta beharrezkoa dela hiriak hartu nahi dituen “ekitaldien inguruko hausnarketa” egitea. Udal Gobernua ere kritikatu du, “bere analisia autokonplazentzian oinarritzen duelako, eta neurri horretako ekitaldien alde onak besterik saltzen ez dituelako, B aldea eta herritarrei ekar diezaiekeen kalteak egon badaudela albo batera utzita”. Ekitaldiaren egunetan ostatuen prezioak modu “erabat neurrigabean” igo izana salatu du.
Alderdi Popularreko zinegotziak, Angel Rodrigo Izquierdok, bestalde, "etsipen txikia" agertu du Udalak emandako datu faltagatik.
UEFA Europa Ligako finalaren inpaktu osoari buruzko behin betiko txostena udazkenean argitaratuko da.
Zure interesekoa izan daiteke
Albiste izango dira: lehendakariaren bilera ELArekin eta LABekin, fronte hotza eta protestak Frantzian
Lehendakaria ELArekin eta LABekin bilduko da gaur gutxieneko soldata propioaz hitz egiteko
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela