Trumpen muga-zergek 400 milioi inguruko eragina izango lukete Euskadin, eta 73 milioi ingurukoa, Nafarroan
Bi lurraldeek dituzten esportazio-kopuruak direla eta, merkataritza-gerrak hainbat ondorio utziko lituzke Hego Euskal Herrian. Sektore kaltetuenak automobilgintza, makina-erremintagintza, altzairugintza eta ardogintza dira.
Automobilgintzaren industria izango litzateke muga-zergen ondorioz kaltetuenetako bat. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak bultzatutako muga-zerga berriek hainbat eragin izango lituzkete Hego Euskal Herrian. Hala, kolpea handiagoa izango litzateke Euskal Autonomia Erkidegoan, 400 milioi inguruko gainkostua ekarriko lukete eta; Nafarroan, berriz, 73 milioi ingurukoa izango litzateke.
Euskadin, 1.000 enpresak baino gehiagok esportatzen dituzte produktuak AEBra, 2.000 milioi inguruko salmentekin, kanporako salmenta guztien % 6,4. Bestalde, Nafarroan 500 dira erraldoi estatubatuarrari produktuak saltzen dizkiotenak. Azken kasu horretan, 360 milioiko esportazioak dira, guztizkoaren % 3,5 baino ez. Nolanahi ere, Trumpen muga-zergek ez liokete zuzenean eragingo Nafarroako enpresa nagusiari, Volkswageni, ekoizten dituen autoak ez baitira herrialde horretan saltzen.
Muga-zergen sistema berriak gehien kaltetuko dituen sektoreak automobilgintza, makina-erremintagintza, altzairugintza eta ardogintza (bai Arabako Errioxako ardoa, bai txakolina) dira, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ziurtatu duenez.
Kolpe gogorra da euskal ardogintzarentzat; izan ere, 36 milioirekin, AEB da lehen hartzailea diru-sarrerei erreparatuta, eta bigarrena, bolumenari begiratuta. Automobilgintzaren kasuan ere, Euskadik 60 milioitik gora esportatzen ditu, ibilgailu eta osagaiak kontuan hartuta. Dena dela, Imanol Pradales lehendakariak lasaitasunerako deia egin du.