Ertzaintzak mugatu egingo du piloten erabilera urtarrilaren 1etik
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak iragarri du Ertzaintzaren Herri Segurtasunerako unitateek gomazko pilotak erabiltzeari utziko diotela 2013ko urtarrilaren 1etik.
Nolanahi ere, debekua ez da erabatekoa izango, brigada batzuek, hots, Brigada Mugikorrak eta errefortzu brigadek, "salbuespen-egoera batzuetan" erabili ahal izango baitituzte.
Orotara, Ertzaintza osatzen duten 8.000 agenteetako 6.000ri eragingo die gomazko pilotak erabiltzeari uzteko erabakiak.
2013ko urtarrilaren 1 arte, Herri Segurtasunerako agenteek "mugatuta" izango dute gomazko piloten erabilera. Hain zuzen ere, nagusiak aginduta baino ezingo dituzte erabili.
Aresek eta Jose Antonio Varela Ertzaintzaren zuzendariak agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean, Iñigo Cabacasen heriotzaren harira azalpenak emateko. Izan ere, Polizia autonomikoaren pilotakada baten ondorioz hil zen.
Hori horrela, Herrizaingo sailburuak aitortu egin du beharrezkoa dela Ertzaintzaren protokoloak berrikustea, eta aurreratu du gertaera horretan nahasitako ertzainei espedientea irekitzea agindu duela.
Besteak beste, Aresek honako neurriak aurreratu ditu: ekainaren 1etik agente guztiek agerian izango dute identifikazio zenbakia, zaurituak eragin dituzten jardunak aztertzeko talde bat sortuko dute eta istiluen aurkako materiala aldatu egingo dute.
"BARKAMENA" ESKATU DU
Aresek "barkamena" eskatu die Iñigoren senideei eta lagunei, eta onartu egin du bere "erantzukizun politikoa". Dena dela, ez du dimitituko.
Sailburuak esan du gertatutakoak "erantzunak" izango dituela Justiziaren eta Ertzaintzaren araudien bidez, eta ikerketa "azkeneraino" eramango dutela.
Horren ildotik, erantzukizunak zehaztu egingo dituztela promestu du.
Aresek defendatu egin du Ertzaintza, eta errespetua eskatu du, "egunero lan miresgarria egiten baitu". "Edozein zerbitzari publikok egin lezake gehiegikeria bat", aitortu du, baina horrek ezin duela zikindu Ertzaintzak "hainbat urtez lortutako ospea eta ibilbide garbia".
Sailburuak ohartarazi du ez duela onartuko Ertzaintzaren irudia zikintzea, eta oso kritiko agertu da ezker abertzaleak egindako adierazpen "onartezinekin".
ERTZAINTZA: "PILOTA EZ ZUTEN GERTUTIK JAURTI"
Bere aldetik, Jose Antonio Varela Ertzaintzako zuzendariak azaldu du Iñigo hil zuen pilota "22 metrotik gorako distantziatik" jaurti zutela, eta "ez, beraz, gertutik".
Varelaren esanetan, 20 metrotik norbait buruan jotzea "kasualitatea" da, gomazko pilota jaurtitzaileek ez baitute punteria egiteko osagarririk.
Agerraldian, Varelak Ertzaintzaren bertsioa eman du, baina gaineratu du ondorioak ez direla behin betikoak.
Horren esanetan, istiluetan parte hartu zuten agente guztiak Bilboko ertzain etxekoak dira eta zaurituak eta "istilu larriak" zeudela ohartaraziz deiak jaso zituztelako.
Varelak azpimarratu du iritsi ziren lehenengo agenteek botilakadak jaso zituztela eta horregatik agente gehiagoren laguntza eskatu zutela. Azken horiek ere botilen eta beste objektu batzuen jomuga izan omen ziren.
Ertzaintzaren zuzendariak berretsi du zaurituak artatzea zela Ertzaintzaren lanaren helburua, izan ere, bat baino gehiago zirela eta oraindik bertan zeudela pentsatzen zuten. Hasieran, bertan zeudenak ohartarazi omen zituzten eta gero hasi ziren pilotak jaurtitzen "oldarkortasun handiarekin eta mozkortuta Ertzaintzari eraso egiten ari ziren pertsonak handik bidaltzeko". Lekua jendez hustu ondoren Iñigo Cabacas aurkitu zutela gaineratu du Varelak.
POLIZIAREKIN ZERIKUSIA DUTEN KEXAK AZTERTZEKO BATZORDEA
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak poliziaren jarduerarekin lotutako kexak ikertzeko batzorde independente bat sortzeko konpromisoa hartu du, EAJk eta Aralarrek hala eskatuta.
Mikel Martinez EAJren bozeramaileak ikerketa batzorde independentearen sorrera aztertzea eskatu du, "aparteko larritasuna duten kasuak daudenean lan egingo duena eta Ertzaintzatik kanpoko profesional adituek osatua". "Herritarren kexak jasotzen ari gara azkenaldian Ertzaintzaren gehiegizko indarkeria ekintzak salatuz", gaineratu du.
Mikel Basabe Aralarren legebiltzarkideak azpimarratu du horrelako batzordeak daudela indarrean Europako hainbat herrialdetan. Gainera, Cabacasena ez dela kasu isolatu bat izan esan du, izan ere, Athleticen beste partidu batean Ertzaintzak argazkilari bat zauritu zuela gogorarazi du. "Polizia demokratiko bati eman diezaioketen opari txarrena inpunitate mezuak dira", Basaberen arabera.
EGITURAZKO AKATSAK
Ordezkari jeltzalearen arabera, "ustezko arduragabekeriaren arrazoia antolakuntza edo egitura arazo batean ote dagoen ikertu eta argitu beharra dago, horrek ardurak maila gorenean jarriko bailituzke".
ERTZAINTZA ETA OSAKIDETZA
Nerea Llanos PPren legebiltzarkideak, bere aldetik, Iñigo Cabacasen heriotza "Ertzaintzaren lana desitxuratzeko" ez erabiltzea eskatu du, izan ere, "Osakidetzako medikuek ere izan ditzakete arduragabekeriak, baina ez da Osakidetzako langileria osoa zalantzan jartzen". "Arduragabekeriak egon daitezke, baina horregatik ezin diogu lan profesionala egin duen poliziari ospea kendu", berretsi du.
KRITIKAK EZKER ABERTZALEARI
Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak azpimarratu du gertatutakoa "gertakari isolatua" dela, "salbuespena, ez araua", eta horrek ez duela Ertzaintzaren "izaera demokratikoa kolokan jarriko". Pastorren esanetan, "urte asko daramatzate Ertzaintza errepresiorako talde bat dela esanez", eta ezker abertzaleak "gertakari hau aprobetxatu nahi izan du euskal gaztediak ustez jasaten duen errepresioaz" hitz egiteko.
ERTZAINTZAREN LANA DEFENDATZEA
Bestalde, Mikel Arana Ezker Anitzaren legebiltzarkideak uste du Aresek emandako azalpenek ez diotela "mesederik egingo Ertzaintzari" eta Herrizaingo Saila kritikatu du, "egun hauetan izan duen interes bakarra Ertzaintza defendatzea" izan delako, eta "kasu honetan defendaezina da". Aranaren arabera, Aresek aitortu behar du Ertzaintzak "gehiegikeriaz" jokatu zuela eta ez zela balizko "akatsa" besterik izan.
"LEKUKOEK KONTRAKOA ESATEN DUTE"
Juanjo Agirrezabala EAko kideak ere Ertzaintzaren lana kritikatu du eta Aresek eskuhartzea justifikatzeko "irudikatu duen borroka handiaren" aurrean, "lekukoek kontrakoa" esan dutela azpimarratu du. Gogora ekarri duenez, lekuko batzuen arabera, Ertzaintzak "ematera" tiro egin ondoren hasi ziren "botila jaurtiketak".
"NEURRIAK, BERRIRO GERTA EZ DADIN"
Azkenik, Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak azpimarratu du "arduragabekeria edo zorte txar" kasu bat izan daitekeela, baina "berriro gerta ez dadin neurriak hartu" behar direla.
Zure interesekoa izan daiteke
Pertsona bat zauritu da Getxoko Fadura futbol zelaian, zaleen arteko borroka batean
Antza denez, bi zaleren arteko borroka bat izan da, eta horietako batek zauriak jasan ditu. Anbulantzia bati deitu diote artatzeko eta, azkenean, ez dute osasun-zentro batera eraman behar izan.
Pertsona bat atxilotu dute Gasteizen, pertsonen legez kanpoko trafikoa egotzita
Lehen ikerketen arabera, furgonetan zihoazen pertsonek dirua ordaindu zuten Frantziatik atera eta espainiar estatuko toki ezberdinetara joateko.
Melgosa: "Prebentzioan eta hezkuntzan gogor egin behar da lan, kirolean indarkeria saihesteko"
Partiduetara joan aurretik "frustrazioak etxean uzteko" eskatu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta helduengan jarri du arreta, "haurrek ikusten dutena ikasten baitute".
Irungo Landetxa futbol taldeko jokalari eta zaleek Hernanin izandako jarrera ikertuko du Gipuzkoako Futbol Federazioak
Larunbat gauean jokatu zen partidan, irain eta mehatxuak egin omen ziren 17 urteko arbitroaren kontra, eta Ertzaintzari abisua eman behar izan zioten ezer gerta ez zedin.
24. Korrikak euskara komunitatea dela aldarrikatu, eta aurrera egiteko deia egin du amaierako mezuan
Lehen aldiz, mezu kolektiboa izan da Korrikarena, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako beste horrenbeste gaztek idatzitakoa. "Euskara gara diogu, ez euskara naiz. Komunitateaz ari gara", azpimarratu dute Oierrek, Oihanak, Elene Mengyuk, Beñatek, Aitzolek, Xalbatek eta Leirek. Amaitzeko, oraina eta etorkizuna jomugan jarri dituzte: "Aurrera goaz, bazatoz?".
Nortzuk dira Korrikaren mezua idatzi duten zazpi lagunak?
Herrialde bakoitzeko euskaldun eta euskaltzale batek parte hartu du aurtengo mezu kolektiboan, tartean Txinan jaiotako barakaldarrak edo Union Tutera taldearen sortzaileak.
Hauxe da aurtengo Korrikaren mezua, zazpi gaztek idatzia, lurralde bakoitzeko bat
Hauek izan dira 24. Korrikaren mezua idatzi eta irakurtzeko ardura izan duten 7 gazteak: Oier Iñurrieta Garmendia gasteiztarra, Oihana Arana Cardenal gipuzkoarra, Elene Mengyu Larrinaga Bilbao bizkaitarra, Beñat Jusue Rosano nafarra, Aitzol Gil de San Vicente Pla hendaiarra, Xalbat Alzugarai Etxeberri baxenabartarra eta Leire Casamajou Elkegarai zuberotarra.
Lehendakariak ere eraman du lekukoa
Imanol Pradales lehendakariak Korrikaren lekukoa hartu du Bilbon, 3.371 kilometroan, Ibone Bengoetxea lehendakariordearekin batera.
Korrikaren amaiera
Zuzenean 24. korrikaren amaiera.
Motozale bat hil da AP-68 autobidean, Zuian, izandako zirkulazio istripu batean
Ibilgailuaren gidaria bidera erori da ezbeharraren ondorioz.