Erabakia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hilen errautsak zabaldu eta etxean gordetzea debekatu du aita santuak

Errautsak "leku sakratuan" gorde behar direla uste du Eliza katolikoak, hau da, "hilerri batean, edo hala badagokio, eliza batean".
Errautsak zabaltzeko gune berezi bat dago Derioko hilerrian. EiTB

Urriaren 25 honetatik, hilen errautsak zabaltzeko edota etxean gordetzeko debekua ezarri die katolikoei Frantzisko aita santuak.

Azken urteotan asko ugaritu dira hildakoen gorpuak erraustu eta errautsok aireratzea edota kutxa batean etxean gordetzea erabakitzen dutenak. Aspaldi esan zuen Eliza katolikoak jarduera hori "elizaren fedearen kontrakoa" zela, baina orain beren-beregi debekatu du "Instruccion Ad resurgendum cum Christo" izeneko dokumentuan.

Agirian irakur daitekeenez, elizak nahiago du gorpuak hobiratzea. Erraustea onartzen badu ere, espresuki debekatu du errautsak zabaltzea. Are, senitartekoek aukera horren alde egingo balute, abadeak elizkizuna egiteari uko egin beharko lioke".

"Gaizki-ulertu panteistak, naturalistak edo nihilistak saihesteko asmoz, debekatuta dago errautsak aireratzea, lurrera edo uretara botatzea, eta oroitzapenezko bitxi edo artikulu bihurtzea", ageri da dokumentuan.

Are, ohartarazpena egin du: "Gorpua erraustu ostean, errautsak naturan askatzeko asmoa dutenei ez diete elizkizuna egin behar".

Etxean ere ezin dira gorde, eta Eliza katolikoak "kasu larrienei eta salbuespeneko baldintzetan daudenei" bakarrik aitortu die eskubide hori.

Elizaren ustez, errautsak "leku sakratu batean gorde behar dira, hau da, hilerrian, elizetan edota agintari eklesiastikoek beren-beregi paratutako gune batean".

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz

Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko.  Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta.  Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X