ERREPORTAJEA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Nahikari programan, “sexu langileak ez dira gaizkileak, ezta biktimak ere”

Arabako hiesaren kontrako batzordearen Nahikari programak norbanako, taldekako eta komunitateari begirako esku hartzeak jasotzen ditu prostituzioan aritzen diren emakumeen beharrei erantzuteko.
Nahikari programari buruzko dokumentalaren irudia. Argazkia: Giros CMC

"Ez gara kaleak eta gizartea kutsatzen dituen zaborra. Eskubideak eta berdintasuna nahi ditugun pertsonak gara". Karol Guerreroren hitzak dira, Arabako hiesaren kontrako batzordean (Sidalava) bere lanbideari buruz "segurtasunez, errespetuz eta askatasunez" mintzatzeko giroa aurkitu duen sexu langileetako batenak.

Nahikari 1994an jaio zen Gasteizen eta Araban prostituzioan ziharduten emakumeei prebenitzeko materiala ematera mugatzen zen proiektu gisa. Denborarekin, programa garatu egin da, eta emakume horiei atentzio osoa eskaintzen die. Horretarako, osasun eta gizarte baliabideak, lan-prestakuntza eta aholkularitza juridiko eta psikologikoa eskaintzen diete.

"Eurekin kezkatzen den eta euren egoerari begira dagoen norbait dagoela ikus dezatela nahi dugu", esan du Claudia Martinezek, Blanca Bastida integratzaile sozialarekin batera Nahikari programaren lantaldea osatzen duen gizarte langileak. Bestalde, sexologo baten eta hainbat boluntarioren laguntza ere badute. "Karga sozialak, estigmak eta gaitzespenak langileei eragiten die, ez bezeroei, eta hori, besteak beste, generoarekin, heziketarekin eta erlijioarekin lotuta dago", Martinezen hitzetan.

CLAUDIAKAROL

(Claudia Martinez eta Karol Guerrero. Argazkiak: Giros CMC)

Amalia Emborujo EHUko Antzinaroko Zientzien Institutuko irakaslearen arabera, debeku morala lanbide horrek azken 21 mendeetan izan duen aldaketa bakarrenetariko bat da: "Prostituzioak betidanik izan du kontsiderazio txarra, baina lehen ez zen tabu bat, guztiz normala zen. Orain izugarrizko hipokrisia dago; izan ere, gizarteak jakin badaki hor dagoela baina ezkutatu egiten du".

Klandestinitate horrek gehienbat atzerritarrak diren emakume horien babesa bermatzeko lege araubiderik ez izatea eragiten du. Eusko Jaurlaritzaren ustez (programa honetan kolaboratzen du), emakume horiek jasaten duten diskriminazioa zerbitzu publikoetara heltzeko oztopoa da. "Informazioaren eta formazioaren bidez ahalduntzeak murrizten du estigma, errespetuan, gertutasunean eta sostenguan oinarritutako jokaeren bitartez", Emilio Sola Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendariaren aburuz.

Askotarikoak dira prostituzioarekiko erantzun juridikoak: debekatzailea, prostituta zigor penala merezi duen delinkuentetzat jotzen duena; abolizionista, biktima kontsideratzen duena; arautzailea, sexu lana onartzen duena baina kaleko prostituzioa ezabatuz, eta azkenik, erregulazionista, babesten dituen lege araudia ezartzen duena. Gaur egun gizarte gehienetan joera debekatzailea eta abolizionista dira nagusi, eta Nahikari programaren bultzatzaileek uste dute emakumeen salerosketa eta sexu lan boluntarioa bereizteko gaitasunik ezak eragiten duela hori. "Biktimak izateari uko egiten diogu ez garelako ezer berezirik eskatzen ari, beste edozein lanbidek duen segurtasun juridiko berbera baizik", erantsi du Karolek.

PUTAS ARRIAGA

(Pintadak Gasteizko Arriaga auzoan. Argazkia: Giros CMC)

Oraingoz, lan hori legez kanpokoa da oraindik: ez dago debekatuta, baina ezta erregulatuta ere. Emborujoren arabera, antzina zegoen Estatuaren onarpena iraganeko kontua da. Dena den, gero eta gehiago dira Karol bezala entzunak eta errespetatuak izatea aldarrikatzen dutenak, eta gero eta gehiago dira Sidalavako lokal txikian hori egiteko prest egongo direla dakitenak.

No sigo el guion

Urtarrilaren 9an, Gasteizko Goiuri Jauregian No sigo el guion Sidalavako dokumentala eskaini zuten, Emakumeon Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Eskolaren konferentzien baitan. Bertan, Nahikari programako emakumeek euren bizipenak kontatu eta euren sentimenduei buruz hitz egiten dute gizarte mailan eman zaien leku biktimista eta pasiboa gaindituz.

Karol Guerrero, dokumentalaren protagonista, kamera aurrean aurpegia erakusten duen bakarra da, baina asko dira horren aurrean barrena lasaitzen duten kideak estereotipo diskriminatzaileak desegiteko helburuarekin. "Dokumentalean parte hartzea, aurpegia ematen ez badute ere, ahalduntze prozesuaren parte da, euren burua ezagutuz, onartuz eta gainerakoak informatuz adierazleak beraiek izanda", azaldu du Claudia Martinezek.

TITULO

(Argazkia: Giros CMC)

No sigo el guion dokumentalean, emakumeek argi eta garbi hitz egiten dute euren iraganari eta orainari buruz, baina etorkizunean bete nahi lituzketen ametsei buruz ere mintzatzen dira: etxe bat izan, familia eduki, bidaiatu, zoriontsu izan... Karolentzat, dokumentalean parte hartzeak euren bizitzen aniztasuna erakusteko aukera eman die: "Denek hitz egiten dute gutaz, baina ez digute entzuten; estigmatizatu egiten gaituzte, baina ez dira informatzen".

Dokumentalaren bidez azaltzen dute ez direla ez gaizkileak ez biktimak. Sexu lana egiten duten emakumeak dira, eta onartzen dute ez dela erraza, baina baldintza egokietan egin ahal izatea eskatzen dute.

DOCUMENTAL

NAHIKARI

SUEÑOS2

(Dokumentalaren irudiak. Argazkiak: Giros CMC)

Albiste gehiago gizartea

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskararen aurkako azken epaia salatzeko elkarretaratzeak deitu ditu UEMAk larunbat honetan, udaletxeen aurrean

Euskarak "justizia" behar duela nabarmendu du Martin Aramendi Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) lehendakaria, eta Auzitegi Gorenetik heldu dena, "ez da justizia, euskara bigarren mailara kondenatzen duen epaia baizik". "Horregatik, aukera guztiak aztertu, eta prest gaude EAEko udal legea dagokion lekuan defendatzeko, baita Europako auzitegietan ere, zerbitzu juridikoek horretarako aukera ikusiz gero", gaineratu du. Halaber, gogoratu du EAEko udal legea "mugarri" izan zela udalerri euskaldunentzat, "elebitasun simetrikoa gainditzeko eta euskara lehenesteko aukera eman zuelako". 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

"Torre Pachecoko migratzaileek ultraeskuinak egoera astindu aurretik zegoen bizikidetza itzultzea besterik ez dute nahi"

Asier Sanchez ETBk Torre Pachecon duen berriemaileak nabarmendu du, bertako meloi zelai batetik, poliziaren presentzia izugarria dela herrian, batez ere San Antonio auzoan. Bertan biltzen da magrebtar biztanleria.  Ultraeskuindarrek beste elkarretaratze bat deitu dute gaurko, 20:00etan, baina ez dute horretarako baimenik. Torre Pachecoko bizilagunek atzoko egoera errepikatzea espero dute.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

"Kezkatuta eta beldur handiarekin gaude. Nire semeak ez du etxetik irten nahi"

Joan den ostiralean 16 urteko gazte bat jipoitu zuten Torre Pachecon. Duela 23 urte Murtziako herria honetan bizi den emakume ondarroar baten eta marokoar baten semea da gaztea. Domingoren aurkako erasoa salatzeko manifestazio baketsu batera joan zen lagunekin, baina, sareetako bulo baten ondorioz, Domingoren erasotzailearekin nahastu zuten, eta pertsona talde batek lintxatu egin zuen. Amak herrian eta familian bizitzen ari diren amesgaiztoa kontatu digu.

Gehiago kargatu