Prozesatze-autoa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Epaileak Willy Toledo auzipetu du, Jaungoikoa eta Ama Birjina iraintzeagatik

Madrilgo 11 zenbakiko Instrukzioko Epaitegian, Willy Toledo auzipetzeko erabakia hartu du epaileak, sentimendu erlijiosoen aurkako delitua egotzita.
Willy Toledo. Argazkia: EFE
Willy Toledo. Argazkia: EFE

Epaile batek Willy Toledo aktorea auzipetu du, Facebooken egindako iruzkin batzuetan Jaungoikoa eta Ama Birjina iraindu zituela iritzita. Sevillan bagina erraldoi bat prozesioan ateratzeagatik hiru emakumeren aurka abiatutako ahozko epaiketa kritikatu zuen, hain zuzen, iruzkin horietan.

Aurretiazko eginbideak prozedura laburtu bihurtzea erabakitzen duen autoa Madrilgo 11 zenbakiko Instrukzioko Epaitegiak aurkeztu du. Bertan, epaileak zehazten du sentimendu erlijiosoen aurkako delitua egiteagatik auzipetu duela aktorea.

Willy Toledo irailaren 13an atxilotu zuten, eta epaitegira eraman zuten orduan; izan ere, Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak jarritako salaketaren harira, aurretik, birritan esan zion ezetz epailearen aurrean deklaratzeari.

Atxilotu ostean, ordea, ez zuen beste aukerarik izan, baina bere abokatuak egindako galdera bati bakarrik erantzun zion, inolako deliturik ez zuela egin azpimarratzeko eta adierazpen askatasunerako eskubidea duela adierazteko.

Alabaina, irailaren 21eko prozesatze-autoan, epaileak dio eskubide horrek ez dituela 2017ko uztailaren 5en argitaratutako iruzkinak babesten. Horregatik, horren esanetan, ezin da ukatu sentimendu erlijiosoen aurkako delitua izan zela.

Iruzkin horietan aktoreak "astapotro" deitu zion Sevillako epaile bati. Geroago hauxe idatzi zuen: "Jaungoikori buruz kristorenak eta bi esan, eta, halere, hitzak ditut santutasunaren eta Ama Birjinaren inguruan ere halako gehiago esateko. Herrialde hau lotsagarria da. Nire kasuan, nazkak irabazten du. Joan zaitezte pikutara. Gora motxin intsumisoa".

Ildo horretan, magistratuak uste du "nahikoa arrazoi" daudela aktorea auzipetzeko, mezuak "erlijio katolikoarentzat eta bere jarraitzaileentzat oso iraingarriak" direlako.

Nolanahi dela, epaileak ez du uste Willy Toledok apirilaren 14an eta uztailaren 6an Facebooken argitaratutako beste zenbait mezu delitu direnik. Magistratuaren aburuz, iruzkin horiek erlijioarekin zerikusia duten aldarrikapenak (Aste Santua eta Sortze Garbia eta birjintasun iraunkorra) kritikatzen ditu, besterik ez.

"Mezu gogorrak, garratzak, zakarrak eta latzak dira, baina erlijio aitorpenari kritika egiten dioten heinean, adierazpen askatasunak babesten ditu", esan du epaileak.

Kontrara, uztailaren 5eko mezuek "zentzu kritikotik haratago doazen esaldiak jasotzen dituzte", gaineratu du.

Idatzian erantsi du lehenengo mezuak erabaki judizial bati egiten ziola aipamena, hots, hirugarrenei sentimendu erlijiosoen aurka egiteagatik leporatutako ustezko delitu bati. Bigarren mezuak, berriz, zakarkeria zerrenda luze bat aipatzen du, berriro ere, erlijioari kontra eginda.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Bi pertsona ospitalera eraman dituzte Azpeitiako etxebizitza batean izandako sute baten ondorioz

Sutea izan da gaur eguerdian Azpeitian, Erdikaleko 27. zenbakiko etxebizitza batean. Sua 15:00ak pasatxo piztu da, eraikineko bigarren solairuan, eta ondorioz, inguruko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte. Hirugarren solairuan zeuden bizilagunek ezin izan dute euren kabuz irten, eta suhiltzaileek lagunduta atera dituzte kalera. Suhiltzaileak lanean ari dira sugarrak amatatzeko. Bi pertsona Zumarragako ospitalera eraman dituzte, sutean kea arnasteagatik.

Ekain Perrino, elkarrizketa EiTBn
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ekain Perrino: "Gorroto-delitua dela onartu da, baina 2 urteko espetxe zigorra ez da ezer"

Justiziak Ekain Perrinok 2021ean Basaurin jasandako eraso homofoboaren egile gehienak zigortu ditu. Hamaika egileetatik hamarrek bi urteko espetxe zigorra jaso dute, osotasun moralaren aurkako delituagatik; hamaikagarrenari, berriz, 14 hilabeteko kartzela zigorra eta zortzi hilabeteko isuna ezarri diote. Perrino pozik agertu da gorroto-delitua onartu duelako epaileak, 2 urteko espetxealdia ez dela nahikoa adierazi du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X