Prostituzioko emakumeen ikusezintasuna ahalduntze bihurtzen
“Errespetu kontzientea eta errekonozimendua, balio-iritzirik gabekoa”. Hori da Askabideren lan-filosofia, Euskadin prostituzioan diharduten pertsonak eta bazterketa-egoeran dauden emakumeak gizarteratzeko lan egiten duen irabazi asmorik gabeko elkartea. Berdintasunerako 2020ko Emakunde Saria jaso berri du, hain zuzen ere, emakumeen kolektibo horren diskriminazio- eta zaurgarritasun-egoera ikusarazten egindako lanagatik.
“Sariak ilusio handia egin digu, beti da pozgarria hainbeste urteren buruan zure lana aitortzea”. Diego Lodeiro da hizketan, Askabideko Harrera Zentroko koordinatzailea, oraingo Zuzendaritza Batzordeko kidea eta gaur egun Askabide osatzen duten 20 lagun inguruko taldeko kidea.

Askabide Bilbon sortu zen 1985ean, Bilboko prostituzioaren epizentroa zen Gorte kalean prostituzioan aritzen ziren emakumeei mota guztietako kontsulta sozial eta administratiboak eta laguntza psikologikoko eta aholkularitza juridikoko zerbitzuak emanez laguntzeko. Horretarako, hasierako harrera-zentroa jarri zuten martxan. Urteetako lanaren ostean, elkarteak proiektu, zerbitzu eta ekimen ugari eskaintzen ditu gaur egun, eta bakoitzak bere berezitasunak dituen arren, filosofia bera partekatzen du: ahalduntze-prozesu indibidual eta kolektiboak sortzeko lan egitea, emakumeei beharrezko autonomia eta bultzada emateko, emakumeak izan daitezen beren hazkundearen eta bizi-helburuen protagonistak, bai modu pertsonalean, bai kolektiboan.
Askabidearekin harremana duten emakume gehienak emakume migratzaileak dira, gazteak dira eta egoera irregularrean daude; latinamerikarrak dira gehienak eta maiz familia-kargak dituzte jatorrizko herrialdean. Gainera, aldi baterako baino ez daude hirian edo Bizkaian; izan ere, horietako asko prostituzioa gauzatzen den lokaletan emakumeak trukatzeko "plaza sisteman" daude eta batetik bestera ibiltzen dira. Mugikortasun horrek are gehiago zailtzen du emakumeak beren etorkizuna proiektatu ahal izateko leku batean finkatzea.
Askabide emakume hauekin harremanetan jartzen da, kalean, lokaletan edo pisuetan. Aurkeztu egiten dira, bere egoeraz galdetu eta elkarteko ateak zabaltzen dizkiote, “behar duenerako”. Lan horri esker, emakumeek jakin dezakete harrera zentro bat dutela eskura, informazioa eta aholkularitza jasotzeko, ikastaroetan eta tailerretan parte hartzeko eta beste lankide, profesional eta boluntarioekin beren kezkak, beharrak eta ametsak berdintasunez partekatzeko. Askabidek, halaber, egoitza- eta harrera-baliabideak ditu bazterketa egoeran dauden emakumeentzat. Eta, jakina, gizarte-sentsibilizazioan ere lan egiten du, hainbat ekimenen bidez prostituzioaren sektorea ikusarazteko eta desestigmatizatzeko.

Gero eta ikusezinago
Asko ari da aldatzen sektorea azken urtetan, eta lehen klubetan eta kalean aritzea bazen ohikoena, pisuetan eta alokairuko geletan aritzen dira orain gehienak. Askabidek dituen datuen arabera Bizkaian, kaleko prostituzioan aritzen direnen zenbatekoa ez da % 5era iristen; horrek esan nahi du kalean bost emakume badaude, 95 daudela lokal edo pisuetan. Lodeirok azaltzen duenez, orain “zailagoa da” landa-lan hori. Horri gehituz gero egunkarietako kontaktuen iragarkiak ia desagertu direla eta emakumeen eta bezeroen arteko harremana Internetez egiten dela nagusiki gaur egun, “askoz ere zailagoa da eurekin harremanetan jartzea, erregistro bat eramatea eta euren errealitatea ezagutzea”. Ikusezintasuna gero eta handiagoa da.
Emakumeen pisuak badaude oraindik, baina Lodeirok azaltzen duenez, “negozioaz arduratzen den pertsonarik ez dago jada leku askotan, bezeroari harrera egin eta irteeran laguntzen ziona, beraz, elkarren ondoan dauden alokairu-geletan egon daitezke neskak, elkar ezagutu ere egin gabe. Ez dago beste inor. Horrek esan nahi du, berez zaurgarria den kolektibo honek, arrisku-egoerak edota indarkeria jasateko are arrisku handiagoa duela”.
Hain zuzen ere, Askabidek gaur egun duen jarduera-ildo nagusietako bat indarkeria-egoerak prebenitzea da. Indarkeria-egoeren “jakitun” dira, baina, oro har, isilpean gordetzen dituzte emakumeek. "Ez da salaketara asko jotzen duen kolektiboa, arrazoi askorengatik: egoera irregularrean daudelako, zalantzan jarriko dituzten edo sinetsiko ez dituzten beldurragatik edo euren burua prostituta gisa aurkezteko lotsagatik”. Elkarteak azken urteotan horrelako egoerei ikusgarritasuna ematen saiatzen da; izan ere, emakume askok prostituzioan aritzearen berezko ezaugarritzat hartzen dituzte arriskua eta indarkeria.
Prebentzio eta sentsibilizazio ildo horretan, Askabidek "Déjame contarte" liburua argitaratu berri du, prostituzioaren testuinguruan erasoak jasan dituzten emakumeen testigantzak biltzen dituena.
Aspaldiko eztabaida da prostituzioa legez arautu edo ezeztatzearena. Horren aurrean Askabidek beti saihestu izan du jarrera bat hartzea: “Gure ustez oso konplexua da kolektibo osoaren problematika guztiari erantzutea, lan-ildo bakar baten bidez. Kolektiboaren barruan bertan ere eztabaida sortzen duen kontua da”. Horren ordez, Askabidetik nabarmentzen dute "premiazkoena akordio txikiak lortzea” dela, “emakume horientzat baldintza hobeak eta bizi-kalitate hobea bermatzeko, kolektibo, erakunde edo alderdi politikoek izan ditzaketen jarrerak alde batera utzita”. Izan ere, Lodeiroren ustez, “teorizazio handietan galtzeko arriskua dago, eta egia esateko, emakume hauen egunerokotasunetik oso urrun daude eztabaida horiek”.
Lodeirok azpimarratu duenez, Askabiden "emakumeen alde lan egiteko daude, izan atetik lan-aukera bat eskatuz sartzen dena, prostituzioa utzi nahi duelako, izan ulertzen ez duten gutun bat iritsi zaiolako edo beste edozein gairengatik sartzen dena, eta prostituzioa uzteko inongo asmorik ez duena. Ahal dugun guztian laguntzeko gaude, balio-iritzirik gabe eta erritmoa beraiek jar dezaten utziz beti”.
Sektorea pandemia garaian
Pandemiak prostituzioaren sektorean ere eragin handia izan du; ezin zen bestela izan. Lodeirok dioenez, “pandemiak are gehiago nabarmendu du kolektibo honen zaurgarritasuna”. Azaldu duenez alarma egoera ezarri zenean 60 emakume baino gehiago gerturatu ziren harrera etxera, oinarri-oinarrizko beharrei erantzuteko laguntza eske, bai janaria, bai eta alokairua ordaintzeko laguntzak. “Kale gorrian gelditzeko arriskuan zeuden asko, ezin baitzuten lanik egin eta zorrak pilatzen zihoazen”.
Administrazioen laguntza ofizialetatik kanpo gelditzen ziren gainera, askok ez baitute lanerako gune finkorik eta leku batetik bestera dabiltzalako, ez daude inon erroldatuta, eta are gutxiago izaten dute alokairu-kontraturik. Horiei lagundu ahal izan zitzaien Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako Azken sarea Indartzen programarekin, laguntza publikoetatik kanpo gelditzen zirenei laguntzeko funtsa.
Pandemiak zaplazteko itzela eman dio Mari Makeda egitasmoari ere, Afrikako estetikadun arropa diseinatu, josi eta saltzeko martxan jarritako gizarteratze proiektua. Gaur egun, itxi beharrik ez izateko gutxienekoa egiten dihardute, “egoerak berriro ere lehengora bueltatzea utzi bitartean”, azaltzen dute Askabidetik.
Zure interesekoa izan daiteke
Teruelgo aireportua hegazkinez beteta dago, ezin direlako Ekialde Hurbilera itzuli gerraren ondorioz
Ostiral honetan 10 hegazkin komertzial lurreratu dira, gehienak Qatar Airlines konpainiakoak. Teruelgo aireportua 140 hegazkinen aparkaleku izan zen pandemian.
Athleticek gaitzetsi egin ditu Jon Uriartek jasotako mehatxuak eta bere “babes osoa” adierazi dio
Erakundeak adierazi duenez, "errespetua irmo aldarrikatuz baino ez dugu gizarte eta Athletic hobea eraikiko".
Martxoaren 23an irekiko dute Osakidetzako EPErako izen-ematea
Probak ekainaren 19an, 20an eta 21ean egingo dira, eta horietan LEP eredu berri bat ekarriko du: test motako azterketak egingo dituzte eta nota hurrengo deialdietarako erreserbatuko da.
Euskal Herrian Euskarazek CCOO sindikatuaren mehatxua salatu eta mobilizatzeko deia egin du
Euskal Herrian Euskarazen agerraldia. Argazkia: EITB Media
Ramadanaren amaiera jendetsua Euskal Herrian
Ehunka musulman bildu dira Gasteizen eta Zumarragan islamaren hilabeterik sakratuenari agurra emateko. 2026ko otsailaren 17tik martxoaren 19ra arte, musulmanek abstinentzia egin dute egunez. Argia egon den orduetan, ez dute jan, ez dute edan (ezta urik ere), ez dute erre eta ez dute sexu-harremanik izan.
Athleticeko presidenteak jazarpena eta mehatxuak salatu ditu
Jon Uriartek Ertzaintzaren aurrean salatu duenez, futbolarekin lotutako gazte erradikalak bere etxeko atarian sartu dira eta mezu iraingarriak utzi dizkiote.
Luzaiden dantzan, Korrikaren lekukoa eskuan!
Arnegitik Luzaiderako bidean, Luzaideko Bolantak taldeak dantzan hartu du Korrikaren lekukoa. 126. kilometroan izan da, 04:00ak aldera. Azken urteotako tradizioari eutsiz, dantzan jarri dira lekukoa hartu dutenean.
Jendetza bildu du Korrikak Maulen
Lurraldeko eta hiriburuko hainbat elkarte eta herriko etxe ikusi ditugu parte-hartzen, hala nola, Sohütako pastorala, UEU, Palestinaren aldeko elkartea, Pitxu gaztetxea, Xiberoko Botza eta beste hainbat. Handik Nafarroa Beherea alderako bidea hartu du. Gaueko 22:00 pasata sartuko da lurralde hartan Aiherratik.
Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz
Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko. Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta. Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute.
Atharratzetik abiatu da 24. Korrika, festa giroan, pizkundearen akuilu izatea xede
Ibilbide osoa zuzenean ikusteko aukera dago ETB ON plataforman, EITBren telebista plataforma digital berrian. Euskararen lekukoa martxan da jada, eta Atharratzetik abiatu den oihuak Euskal Herri osoa zeharkatuko du beste behin. Bilbon amaituko da, martxoaren 29an, igandez.