Larunbateko Eskola Kiroleko jarduera denak, bertan behera Bizkaian beroagatik surfa salbu
Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du larunbaterako muturreko tenperatura altuengatik. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak 2022ko ekainaren 18rako antolatutako Eskola Kiroleko Programako ekintza guztiak bertan behera utzi ditu surf jarduera izan ezik.
Araban amaituta dago jada Eskola Kirolaren programazioa, baina bi hitzordu zeuden aurreikusita, aurretik, arrazoi batengatik edo besteagatik, egin izan ez zirenak. Bata, Ogueta frontoian pilota txapelketa bat; aire-girotua dagoenez, mantendu egingo da jarduera hori. Bestea, baina, Agurainen egitekoa zen txirrindularitza proba bat, bertan behera gelditu da.
Gipuzkoan, mantendu egingo dira jarduerak. Foru Aldundiak azaldu du jarduera gutxi gelditzen direla egiteko, eta, egunaren lehen orduetan izango direnez, eutsi egingo zaie.