Zergatik dira gero eta ohikoagoak muturreko fenomeno meteorologikoak?
Beroaldiak edo hotz boladak, zikloi tropikalak, lehorteak edo euri jasak. Azken urteetan, areagotu egin dira muturreko fenomeno meteorologikoak, eta, horiekin batera, baita hondamendi naturalak ere, hala nola suteak edo uholdeak. Baina zergatik dira gero eta ohikoagoak? Aditu askok adierazi dute klima aldaketa dela erantzule nagusia.
Bero bolada betean, EITB Mediak Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduradunarengana jo du: "Klima aldaketak bero boladak gogorragoak izateko edo bolada horiek lehenago heltzeko probabilitatea handitzen du, baita denboran gehiago irautea ere", adierazi du. Hala ere, uste du egun hauetan Euskal Herrian bizi dugun beroaldia egoera zehatz bat dela, eta ez dela klimaren eredua aldatzearen ondorioa. "Bero boladak bizitza osoan egon dira, eta beti egongo dira", nabarmendu du.
Euskal Herriko herri eta hiriek hainbat fenomenori aurre egin behar izan diote 2022an, besteak beste, kazkabar erasan handiei, hotz boladei edo uholdeei. Azken horien ondorioz, hainbat ibaik gainezka egin izan dute sarri, kaleak, zelaiak eta errepideak urpean utziz. Abenduan, adibidez, nafarrek eta arabarrek azken aldiko uholde gogorrenetako bat bizi izan zuten.
Eta hori, zer dela eta? Gauza jakina da gaur-gaurkoz sare sozialen bidez, informazioa urrunago, azkarrago eta jende gehiagorengana iristen dela. Horregatik, Euskalmeteko arduradunak adierazi du zaila dela jakitea orain garai batean baino muturreko fenomeno gehiago ote dauden. "Oso datu gutxi ditugu jakiteko historian zenbat txingor erasan izan ditugun, nolakoak ziren antzinako erasan horiek edo zein tamainakoak ziren", azpimarratu du.
Hala ere, eta Glasgowko klimaren konferentziarekin bat, Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi zuen muturreko fenomeno meteorologikoak jada normaltasun berria direla. "Gero eta froga zientifiko gehiago daude fenomeno horietako batzuen oinarrian gizakion jarduerak eragindako klima aldaketa dagoela esateko", azaldu zuen Petteri Taalas Munduko Meteorologia erakundeko idazkari nagusiak.
Horrek bezala, aditu askok lotzen dituzte azken urteotako muturreko gertakari horiek giza ekintzak eragindako planetaren berotzearekin. Euskalmeteko arduradunaren arabera, berotze globala ondorengoa ari da eragiten: "Tenperatura hotzak antzina baino baxuagoak izatea, eta beroak, berriz, lehen baino ohikoagoak izatea".
Klima aldaketaren eraginez urtaroak ere aldatzen ari ote diren galdetuta, Arandak onartu du badagoela sentsazio hori; izan ere, azken boladan "arraro samar jokatzen dute". Tenperatura kontuan hartuta, "orain udak garai batean baino askoz gehiago irauten du. Hasiera aurreratu egin da, eta amaiera, atzeratu. Negua, berriz, motzagoa da", adierazi du.
Dena dela, horren esanetan, zaila da hori baieztatzea, informazio gutxi baitago:" Oraindik ez dago estatistika guztiz erabakigarririk horrela dela esateko. Urte asko beharko genituzke jakiteko", gaineratu du.
Egun hauetan izaten ari garen muturreko tenperaturak ere izan ditu hizpide. Hala, meteorologian adituak aire beroaren sarrera indartsua izaten ari dela kontatu du, eta baldintza berezi batzuk betetzen dituela beroaldi honek: oso goiztiarra dela, (ohikoena da hilaren amaieran izatea); hedadura handia hartzen ari dela (Iberiar Penintsula osora zabaldu da ia) eta garaiera handietan sartu dela (kontu deigarria Arandaren arabera). "Ostiralerako, esaterako, Gorbeiako puntan 25 gradu espero ditugu", azaldu du.

Euskal Meteorologia Agentziako arduraduna ez da ausartu datorren udan zer nolako eguraldia izango dugun esatera, eta gogorarazi du, momentuz, larunbatera arte tenperatura altuekin jarraituko dugula, eta, orduan, arratsaldetik aurrera, iragarpena betetzen bada bederen, tenperaturak jaitsiko direla.
Zure interesekoa izan daiteke
Taxilari bat hil dute tiroz Azpeitian
Gertakaria Artzubia hiribidean izan da, 20:15 inguruan. Lekukoen arabera, auto batek beste bat kolpatu du atzetik, eta kolpatutako autoko gidaria tirokatu egin dute. Ertzaintza egilearen bila ari da.
Elkarretaratzea Zizur Nagusian, adingabe batek jasandako sexu-erasoa gaitzesteko
Erasoa igande goizaldean gertatu zen, herriko jaietan. Ustezko egilea atxilotuta dago.
Joan den ostiraletik Barakaldon falta zen gizona aurkitu dute
Auzokide batek aurkitu du bere etxeko garajera oinez sartzeko eskaileretan. Biktimak akidura sintomak zituen.
Abiatu da ikasturtea Ipar Euskal Herrian, berritasun batekin: telefono mugikorrak, debekatuta
Ipar Euskal Herriko 50.000 ikasle inguruk gaur izan dute lehen eskola eguna. Aurten, berritasun nagusi bat izango dute zentro guztietan: telefono mugikorrak erabiltzea debekatuta dago eskola orduetan. Frantziako Gobernuak uztailean onartu zuen legea, eta gaur hasi dira aplikatzen.
Errenteriako hilerrian izandako lapurreten eta txikizioen ustezko egilea identifikatu eta epailearen esku utzi dute
Zentolengo hilerri zaharrean gertatu ziren lapurreta eta txikizioak abuztuaren 1etik 2rako goizaldean. Orotara, egileak 181 hilobi eta horma-hilobietako elementuak lapurtu edo hondatu zituen.
Arrotxapea hegoaldeko 24 orduko eremu laranja martxan jarri da
Neurriak Iruñeko auzo horretako araututako 5.307 aparkalekuetatik 1.760 bati eragingo die, eta eremua arintzea eta bizilagunentzako aparkalekuak askatzea du helburu.
Hil egin da Morean erreskatatu zuten 25 urteko neska
25 urteko gaztea zortzi egunez egoera kritikoan egon ostean hil da. Moreako baltsatik (Beriain) atera zuten. Abuztuaren 23an erreskatatu zuten, hurrengo egunean hil zen 20 urteko mutilarekin batera. Heriotza horrekin, zortzi lagun hil dira uda honetan Nafarroako bainu-esparruetan itota.
Albiste izango dira: Ceutarako premiazko laguntza, dieselaren eta gasolinaren prezioen beherapena eta Bazka Mahaiaren bilera
Orainek gaur landuko dituen albiste nagusiak, bi hitzetan.
Urzainkiko baso-sutea berpiztu egin da
Sutea abuztuaren 14an piztu zen, eta joan den astean kontrolpean hartzea lortu zuten.
Ehunka neskatok kale gorrian jarraitzen dute Ceutan
Espainiako Gobernuak behin-behineko harrera-zentro bat zabaldu du astelehen honetan hipikarako Ceutako gunean, eta horra bideratu dituzte 320 emakume eta neskato. Hala ere, leku gehiago behar dute, eta askok hilabete daramate kalean.