500 ekitalditik gora antolatu dituzte 2025eko sanferminetarako
Ostegun honetan aurkeztu dute sanfermin jaien egitarau ofiziala, eta iragarri dutenez, hilaren 14an Sorotan Bele talde gipuzkoarrak emango dio amaiera bederatzi eguneko zoramenari, Gazteluko plazako agertokian.
Iruñeko kilikiak, kalera ateratzeko prest. Artxiboko argazkia.
Hasi da atzerako kontaketa aurtengo sanfermin jaietako eta, pixkanaka, aurtengo edizioaren xehetasunak ezagutzen gabiltza. Iruñeko Udalak 2025eko sanferminetako programa ofiziala eman du ezagutzera gaur, osteguna. Guztira, 517 ekitaldi antolatu dituzte, adin eta gustu guztietakoentzat, eta adierazi dutenez, jaia auzoetara ere zabalduko da.
Berrikuntzak dakartza aurtego jai iruindarrak, txupinazoaren unetatik bertatik nabari; izan ere, iragarri dute emanaldia jarraitzeko bi pantaila jarriko dituztela , Federico Soto plazan eta Yamaguchi plazan. Yala Nafarroa Palestinarekin elkarteak jaurtiko du 2025eko sanferminetako txupinazoa.
Ohi legez, kontzertuak, entzierroak, gazteentzako eta familientzako guneak, kale animazioa, su artifizialak eta gainerakoak ez dira faltako aurten ere ez. Beste berrikuntzetako bat da Takonera parkea musika elektronikoko eremua egongo dela.
Egitarauari erreparatuta, musikak hartuko ditu jaietako ekitaldien erdiak, eta zuzeneko kontzertuak emango dira Gazteluko plazan, Foru plazan, Konpainian, Gurutze plazan, Sarasate pasealekuan edo Antoniuttin. Aurretik eman zituzten jakitera 2025eko sanferminetarako kontzertuak, baina gaur iragarri dute Gazteluko plazako agertokian hilaren 14an jaiak ixteaz arduratuko den taldea Sorotan Bele izango dela.
Iruñeko auzoetara ere iritsiko da jai-giroa, Txantrea, Mendebaldea, Arrotxapea, Etxabakoitz, Milagrosa eta San Juan auzoetara, kasu.
Antolatutako ekitaldien aurrekontua 1,95 milioi eurokoa da, eta % 5,4 inguru hazi da aurreko urtearekin alderatuta.