Mutrikuko txiringitoaren jabea zuhurtziagabekeriagatik ikertuko dute, bezero batek garbigarria edan zuen eta
Ertzaintzaren arabera, "botila barra gainean egoteak zerbitzariak huts egitea eragin zuen". Biktima ekainaren 30era arte egon zen Donostia Ospitalean.
Mutrikuko (Gipuzkoa) txiringitoa. Irudia: EITB
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Mutrikuko (Gipuzkoa) txiringitoaren arduraduna lesio-delitu baten ustezko egile gisa ikertzen ari dira, aurreko hilean gazte batek muztioa eskatu eta garbigarria edan baitzuen
Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, Ertzaintzak Eibarko (Gipuzkoa) epaitegiaren esku utzi du ikerketa, zuhurtziagabekeria larriaren ondorioz lesio-delitu baten gainekoa.
Segurtasun Sailak erantsi duenez, abiatutako ikerketak txiringitoaren arduraduna du jomugan. Establezimendu horretan, "akats baten ondorioz, gazte bati baxera-detergentea zerbitzatu zitzaion muztioa beharrean, eta egun batzuk eman zituen ospitalean".
Gertakaria joan den ekainaren 25ean jazo zen. Orduan, mutilak edarari lehen tragoa eman zio, muztioa zelakoan, eta ondoezik sentitzen hasi zen, baina "garbigarri zaporea zuen".
Ertzaintza
Muztio botila aldez aurretik bete zuten, edari horren antzeko koloreko garbiketa produktu batekin
"Berehala, arduradunak larrialdi-zerbitzura deitu zuen, eta biktima Mendaroko Ospitalera eraman zuten". Ertzainak bertaratu ziren, eta muztio botila atzeman zuten. Antza denez, "botila hori aldez aurretik bete zuten, edari horren antzeko koloreko garbiketa produktu batekin".
"Horrek, eta botila barra gainean egoteak, zerbitzak hanka sartzea eragin zuen", argitu du Ertzaintzaren oharrak.
Ikerketaren arduradunek produktua aztertzeko eskatu zioten Espainiako Toxikologia eta Auzitegi Zientzien Institutuari.
Biktima ekainaren 30era arte egon zen Donostia Ospitalean, produktuak eragindako lesioen ondorioz.