Eraso sexisten kontra, gelditu egin dira Iruñea eta sanferminak
Ehunka pertsonek erantzun diote hainbat kolektibo biltzen dituen Indarkeria Sexistaren aurkako Emakumeen Plataformak egindako deialdiari eta Gazteluko plazara joan dira jaietan gertatu diren eraso sexistak salatzeko. Iruñeko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat onartu du igande honetan, hilaren 11ko sexu-erasoaren "erabateko gaitzespena" agertuz.
Iruñeko Gaztelu plaza, igande arratseko elkarretaratzean. EFE.
Sanferminen ospakizunak geldiarazi dute minutu batzuetan gaur Iruñean eta ehunka lagun elkartu dira Gazteluko plazan, azken egunotan izandako eraso sexistak salatzeko -horietako bat "intentsitate handikoa"-, eta "eraso matxistarik gabeko" jaiak eskatzeko.
Gaur arratsaldean izan da bilkura, Iruñeko erdigunean, Gazteluko Plazako agertokian. Eta gauero milaka lagun kontzertuetan alai gozatzen ikusi ohi den tokian bertan, bestelakoa izan da gaur arratsean irudia. Aurpegi serioak, minarenak, asperdurarenak, haserrearenak. Denak ere hainbat plataforma biltzen dituen Indarkeria Sexistaren aurkako Emakumeen Plataformaren deialdiari elkarrekin eta ozen erantzuteko.
Plataformako ordezkari talde batek bi pankarta erakutsi ditu oholtza gainean, zeinetan euskaraz eta gaztelaniaz "No a la violencia contra las mujeres" eta "Eraso sexistarik ez" irakur zitekeen, azken hori Iruñeko Peñen Federazioak sinatua.
Eszenatokiaren azpian, jendez gainezka zegoen plaza, besteak beste, zezenketatik gaur isiltasunean atera diren sanferminetako peñak, ehunka eta ehunka herritar, eta UPN, PSN, EH Bildun dituzten karguengatik ezagunak diren beste hainbat, baita Alicia Echeverria Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria ere, Estrella Lamadrid Emakumearen aurkako Indarkeriaren aurkako Koordinazio Unitateko zuzendariarekin.
Horien guztien aurrean, Ana Carmonak gaztelaniaz eta Amaia Zubietak euskaraz, ohar bat irakurri dute, eta bertan adierazi dutenez sanferminetako 8 egunetan "intentsitate handiko eraso baten" eta "intentsitate baxuko zortzi erasoren" berri izan dute, "baina badakigu askoz gehiago izan direla".
"Emakumeen aurkako sexu-indarkeria jai-guneetan gertatzen dela salatu nahi dugu, baina ez horietan bakarrik, egunero gertatzen zaigun zerbait da, gure etxeetan, gure lanetan, eskoletan, gure koadriletan, gure aisialdi-lekuetan...", deitoratu dute.
Horren aurrean, "emakumeek sanferminez nahi bezala gozatzeko eskubidea" dutela aldarrikatu dute, "indarkeriarik gabeko bizitza bizitzeko eskubidea" duten bezala. "Zuek gizonok egiten duzuen bezala bizi nahi dugu, beldurrik gabe, gure hitza zalantzan jarri gabe, baldintzatuak izan gabe, aske izan nahi dugu".
Hala, zera esan diete, zehazki, gizonei: "Guk ez dizuegu erasorik egiten, guk ez zaituztegu epaitzen, guk bizitzen uzten dizuegu. Ikas ezazue zuek ere, eta, bestela, gera zaitezte etxean".
Horrez gain, Administrazio Publikoei "baliabide espezializatuak, diziplina anitzekoak eta aurrekontu-zuzkidura nahikoak" eskatu dizkiete, "arreta eskatzen duten emakumeei laguntzeko eta arreta emateko".
Udalaren gaitzespena
Iruñeko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat onartu du igande honetan, hilaren 11n emakume batek jarritako sexu-eraso baten salaketaren aurrean. Udaleko talde politiko guztiek "erabateko gaitzespena" agertu dute.
Testuan, Batzordeak "erabateko babesa eta elkartasuna" adierazi die emakumeari eta haren inguruari, eta "errespetu osoa" adierazi die "haien eskubideak eta intimitatea babesteko". "Gure koordinazio eta erantzun protokoloa betez, berriro ere berresten dugu gure hirian gertatzen den edozein eraso, indarkeria edo jarrera sexista arbuiatzen eta gaitzesten dugula, eta lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu sexu-erasoak desagerrarazteko, segurtasuna hobetzeko eta edozien motatako inguruneetan emakumeen askatasun osoa bermatzeko", gaineratu du.
Udal taldeek gizarteari eskatu diote alda dezala "erasotzailea babesten duen eta emakumeak erruduntzat jotzen dituen eredu kulturala", eta gizonei eskatzen diete "konpromiso aktiboa har dezatela emakumeek jasaten dituzten eraso eta indarkeria mota guztiekin amaitzeko eta gure gizartean benetako berdintasuna lortzeko lan egiteko".
Gainera, "indarkeria eta eraso sexisten aurrean aktiboki jokatzeko" deia egin diete herritarrei, eta "emakumeek beren harremanei, gorputzari eta sexualitateari buruz erabakitzeko duten eskubidea" azpimarratu dute. "Eraso sexisten aurkako borrokarekin dugun konpromiso irmoa berresten dugu, eta emakumeentzako hiri aske baten alde egiten dugu, askatasunean bizi ahal izateko", dio testuak.
Azkenik, bat egiten dute "Iruñean egiten diren komunikatuekin eta deialdiekin", eta mugimendu feministak deitzen dituen protesta ekitaldietan parte hartzera gonbidatzen dituzte Iruñeko herritarrak nahiz egunotan bertan diren guztiak.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Zure interesekoa izan daiteke
20 urteko mutil bat hil da Lekeitioko Antzar Egunean, hesi batetik erorita; ospakizuna bertan behera utzi dute
Gaztea portuan zegoen, antzarren proba jarraitzen, eta bi metro inguruko altueratik erori da. Milaka lagun bildu dira gaur Lekeition, eta ekitaldia normaltasunez ari zen garatzen istripua gertatu den arte.
4.000 pertsona inguru bildu dira Donostiako Sagardo Egunean
Gipuzkoako 32 sagardotegitako sagardoak dastatzeko aukera eskaini dute. Trikitilari eta bertsolarien musikaz girotu dute eguna. Une hunkigarrienetako bat Jabier Ansorena eta Marian Matasen omenezko ekitaldia izan da.
Irailaren 5a Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu dute Irunen
Irungo Udalak Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu du irailaren 5a, Udaleko talde politiko guztien babesarekin. Kolpe militarra, gerra eta diktadura sufritu zituzten irundar guztiak oroitu dituzte gaur.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Urdulizen, hiru pertsonari botilak jaurtitzea leporatuta
06:20 aldera jazo da erasoa, metro geltokitik gertu. 200 bat lagun bildu dira inguruetan. Atxilotua aurretik ere atxilotu dute antzeko gertakariengatik.
Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Barakaldoko hilketaren susmagarriari
Barakaldoko lehen auzialdiko guardiako epaitegiak hartu du erabakia.
Hiru pertsona atxilotu dituzte Gernikan, 14 urteko neska haurdun bat ezkontzera behartzea egotzita
Hiru atxilotuak (adingabearen gurasoak eta 27 urteko gizon bat) behin-behinean aske utzi ditu epaileak. Hala ere, auzitegira joan beharko dute deitzen dituztenean. Halaber, 17 urteko mutil baten bila ari dira, haurraren ustezko aita, baina ez dute aurkitu.
Datorren astean hasiko dira Topoaren lurpeko pasanteko trenen probak
Azpiegitura Gabonetan egongo da erabiltzaileko prest, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera.
Azpeitiko hilketaren ustezko egilea atxilotu dute Ondarroan
Ertzaintza haren bila ari zen asteartetik, eta azkenean, gaur goizaldean, ustezko hiltzaileak bere burua entregatu du ertzain-etxean. Arma bat zeraman soinean, baina oraindik ez dute jakinarazi hilketan erabilitakoa ote den.
Kontrolpean hartu dute Urzainkiko baso-sutea, abuztuaren 14an piztu eta astelehenean bizitu ondoren
Ostiral gauean brigada batek bertan jarraituko du, zaintza-lanak egiten. Joan den asteartean, itzaltze-lanek sutea perimetratzea ahalbidetu zuten, eta, horri esker, su-gune beroen gainean jardun ahal izan zuten. Ordutik, egoerak hobera egin du.
Bederatzi zauritu A-21 errepidean, Irunberrin, bost ibilgailuk talka eginda
Ezbeharra ostiraleko 18:17an jazo da, eta istripuan zauritutako zortzi pertsona Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte. Zaurituek hainbat lesio dituzte, batez ere traumatismoak.