Marea txuri-urdina Sevillara!
Realeko zaleak Andaluziara bidean dira Atletico Madrilen aurkako Errege Kopako finala bertatik bertara jarraitzeko. 26.000 realzale baino gehiago Cartuja estadioan bertan izango dira eta beste milaka pertsonak sarrerarik gabe bidaiatuko dute. Helburua bat eta bakarra: Kopa Donostiara ekartzea.
Bidaia eguna da gaurkoa realzale askorentzat, larunbat honetan Atletico Madrilek eta Realak Sevillan jokatuko duten Errege Kopako finala bertatik bertara jarraitzeko.
Realak zabaldutako informazioaren arabera, klubaren bitartez salgai jarritako 26.292 sarrerak agortu dira. Halaber, ez dira Cartujan egongo diren realzale bakarrak izango, beste hainbat zalek Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) eskura jarritako sarrerak erosi dituztelako. Horrez gain, badira sarrerarik gabe partida Sevillako Fan Zone edo zaleen gunetik jarraituko dutenak ere.
Trenez, hegazkinez zein errepidez egingo dute bidea. Esaterako, 26 hegaldi berezi daude aurreikusita euskal aireportuetan, Kopako finala dela eta. Dena den, ikusi egin beharko da aire kontrolatzaileek ostiral honetatik aurrera deitutako greba mugagabeak zer nolako eragina duen. Horrez gain, Renfek Donostia eta Sevilla artean bi tren berezi jarriko ditu, joan-etorrirako.
39 urteren ondoren, Reala zaleen aurrean Errege Kopa irabazten ahaleginduko da (emakumezkoen taldeak 2019an Errege Kopa irabazi zuen). 2021ean Errege Kopa irabazi zuen, baina pandemia tarteko ez zen zalerik izan harmailetan eta taldeak ezin izan zuen jarraitzaileekin batera garaipena ospatu. Belaunaldi oso batentzat lehendabiziko finala izango da, eta ilusioa nabaria da Donostian eta Gipuzkoa osoan.
Reala 14:00etan abiatuko da Sevillara. Taldea entrenatu ondoren aterako da Zubietatik, eta ehunka zalek jokalarien autobusari agurra egitea espero dute. Ondoren, 15:10ean hartuko dute hegazkina, eta 16:20ean iritsiko dira Sevillara.
Taldea Errege Kopa Donostiara ekartzen ahaleginduko da, eta, zalantzarik gabe, Aitor Zabaletaren memoria —Atletico Madrilgo zale batek 1998an Madrilen hil zuen zale txuri-urdina— ere Sevillan egongo da.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera