INDARKERIA MATXISTA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

19 urteko emakume batek bere buruaz beste egin du Angelun gizon batek bortxatu ostean

Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak eta Sutan kolektibo transfeministak eman dute gertatutakoaren berri, eta "erailketa matxista" salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte Euskal Herriko hiriburuetan.

19 urteko emakume batek bere buruaz beste egin du Angelun (Lapurdi) bortxaketa baten biktima izan eta egun batzuetara, Euskal Herriko hainbat talde feministak salatu dutenez. Taldeok "erailketa matxistatzat" jo dute gertatutakoa, eta mobilizazioak deitu dituzte gaurko eta astelehenerako Euskal Herriko hiriburuetan. 

Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak ohar bidez salatu duenez, emakumeen aurkako indarkeria larriagotu da azkenaldian, eta Frantziako Estatuko egoera "bereziki gordina" dela erantsi. Izan ere, euren datuen arabera, bi minutuan behin, emakume bat bortxatu edo eraso egiten diote, eta hiru minutuan behin, adingabe bat. Ipar Euskal Herrian ere eraso larriak izan ziren irailean, eta Baionan eta Biarritzen gertatutakoak jarri ditu adibide gisa. Lapurdiko hiriburuan, emakume bat drogatu, bortxatu eta bortxaketaren irudiak zabaldu zituen haren bikotekideak; Biarritzen, 3-4 urteko haurrei eraso zieten bi begiralek. Horien datuen arabera, adingabeen aurkako sexu-erasoen salaketak 500etik gorakoak dira Ipar Euskal Herrian. 

Antolakunde feministaren arabera, indarkeria matxista kasuok "zaurgarri eta babesgabe" uzten dituzte emakumeak. Ifrentzuan, erasotzaileen inpunitatea salatu du: "Ideia matxisten eta erreakzionarioen hedapenak emakumeen aurkako diskurtsoak eta jarrerak normalizatzen ditu, eta erasoak legitimatzeko testuingurua sortzen du". 

Horren aurrean, urgentziazkotzat jo dute "matxismoaren aurkako jarrera jendartean zabaltzea". Hala, elkarretaratzeak deitu ditu gaurko, larunbatarekin, Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta zenbait herritan. Iruñean, San Frantzisko plazan bilduko dira, 19:00etan; Donostian, Boulevardean, 19:30ean; Bilboko Areatzan, 19:00etan, eta Gasteizko Faroloian, ordu berean. 

Ildo beretik, Sutan kolektibo transfeministak "egitura patriarkalen konplizitatea eta erantzukizuna" salatu ditu, eta Angelun gertutakoa "erailketa matxista" izan dela esan du. "Sistemak eta justiziak  babesgabe utzi dute emakumea", gaitzetsi du, eta erailketa matxista bakoitza "gehiegizkoa" dela erantsi. Baionan, bilkura deitu dute astelehenean (aurrerago zehaztuko dute lekua eta ordua). 

Sud Ouest kazetaren arabera, irailaren 19an egin zuen emakume gazteak bere buruaz beste, gizon batek bortxatu eta zortzi egunera. Ustezko erasotzailea, 36 urteko gizasemea, behin-behineko espetxealdian dago ordutik.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X