A63 errepidea itxi dute Baionan, eta auto-ilara luzeak sortu dira, bizitzaren garestitzearen kontrako manifestazioaren ostean
Milaka lagun elkartu dira Baionan, protesta egitera. Manifestazioaren ostean, A63 autobideko 6. irteerara iritsi dira eta saihesbidea moztu dute.
Bizitzaren garestitzea salatzeko ehunka protesta izaten ari dira larunbat honetan Frantziar Estatu osoan, baita Ipar Euskal Herrian ere.
Inflazioaren eta erosteko ahalmenaren galeraren aurka deitutako protestek askotariko kolektiboak mobilizatu dituzte: 'txaleko horiak', klimaren aldeko aktibistak, nekazariak, ikasleak etab.
14:00ak pasatxo, manifestazio jendetsua izan da Baionan. Besteak beste, Peio Dufau EH Baiko diputatua izan da bertan. Manifestazioaren ondoren, A63 autobideko bi noranzkoak eten dituzte manifestariek.
Baionako zatirik handiena zeharkatu ondoren, milaka lagun A63 autobideko 6. irteerara iritsi dira eta saihesbidea moztu dute.
Une honetan, kilometro askotako auto-ilarak daude inguru horretan, ibilgailuek ezin baitute aurrera egin.
Ez da jakitera eman noiz arte iraungo duen bide mozketak.
Oraingoz, ez dago ia poliziarik inguruan.
Gutxienez 272 atxiloketa Estatu osoan
Frantziako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, 272 pertsona atxilotu dituzte Frantzia osoan, bizitzaren garestitzearen aurkako protestetan, eta gertakari larriak salatu ditu Marseillan eta Lyonen, baina baita Parisen eta Nantesen ere, besteak beste.
Istilu larrienen artean, Ministerioak manifestariak Marseillako udaletxean indarrez sartu izana aipatu du eta merkataritza establezimenduetan izandako kalteak nabarmendu ditu.