Alerta gorrian jarraitzen dute Valentzian eta Alacanten, Adam ekaitza Kataluniara bidean da eta
Espainiako Armada lanean hasi da Olivan (Valentzia). 2.000 pertsona baino gehiago etxetik atera dituzte inguruan.
Adam goialdeko depresioaren ondorioz, ezegonkortasuna da nagusi gaur Iberiar penintsulako ekialdean eta Balear Uharteetan. Alacant eta Valentzia abisu gorrian daude euri-jasengatik 10:00ak arte, eta abisu laranjan Bartzelonan, Gironan, Tarragonan, Eivissan, Formenteran, Mallorcan eta Menorcan.
Orduek aurrera egin ahala, euriteak ahuldu egingo dira Valentzian, eta Kataluniarantz mugituko dira; han, indartsuak edo oso gogorrak eta iraunkorrak izan daitezke arratsaldean.
Goizaldean eta goizeko lehen orduetan igandeko zaparradek bere horretan jarraitu dute. Mallorcan litekeena da haize-bolada oso gogorrak izatea.
Aemetek igandean emandako abisu bereziaren arabera, asteleheneko lehen zatian prezipitazio oso gogorrak edo uholdeak izango dira Valentziako hegoaldeko kostan, Nao lurmuturraren inguruan, Murtziako eta Almeriako itsasertzetan eta Balear Uharteetan.
Agentziak ohartarazi duenaren arabera, 300 eta 400 litro artean pila daitezke metro koadroko, baina "egitura atmosferikoen bilakaeraren ziurgabetasuna handia dela eta, ezin da zehaztu zein eremutan izango duen eragina".
Espainiako Armada urgentziaz mobilizatu da
Larrialdietarako Unitate Miliarreko Hirugarren Esku-hartze Batailoiko unitateak Valentziako Beterako basetik atera dira, larrialdi-zerbitzuekin batera Olivan uholdeei aurre egiteko.
Ser irrati-katean egindako adierazpenetan, Yolanda Pastor Olivako alkateak jakinarazi du udalerriko zazpi kanpinetan zeuden 2.000 pertsona inguru atera dituztela, eta herriko beheko aldea, hondartzara bidean, urez beteta dagoela eta erreskateak egiten ari direla.
Zure interesekoa izan daiteke
Albiste izango dira: Txertaguneak EAEn eta gripearen aurkako txertaketa Nafarroan, Adam GOIDIa eta protestak Frantzian
Bularreko minbizia dutenen faktura ikusezina
Gripearen eta covidaren aurkako txertoa hartzera deituta daude gaurtik aurrera 200.000 pertsona baino gehiago Nafarroan
Hauek dira gaurtik aurrera gripearen aurkako txertoa hitzordurik gabe hartu ahal izateko txertogune guztiak
Emakume bat hil da Kataluniako euriteetan eta alerta gorria ezarri dute Valentzian eta Alacanten