Ziberiruzur baten biktima bati 20.965 euro itzultzera zigortu du epaitegi batek Kutxabank
Biktimak SMS mezu bat jaso zuen banketxearen izenean. Mezu horretan ohartarazten zitzaion ustez bere kontura sartu zela norbait, eta esteka bat zuen eskura, sarbide hori onartzen ez bazuen ukatu ahal izateko. Ebazpena oraindik ez da irmoa.
Kutxabanken egoitza, Bilbon. Artxiboko argazkia: Europa Press
Tolosako (Gipuzkoa) epaitegi batek ebatzi duenez, Kutxabankek 20.965 euro (gehi legezko interesak) itzuli beharko dizkio ziberiruzur baten biktimari; izan ere, zibergaizkileek kopuru hori kendu zioten kontutik, iruzur telematiko baten bidez.
Epaiaren arabera, iruzurra maiatzaren 6an jazo zen, kaltetuak (Joseba Salegi abokatuak ordezkatu du) SMS bidezko mezu bat jaso zuenean banketxearen izenean. Mezu horretan ohartarazi ziotenez, ustez norbait sartu zen bere kontura, eta esteka bat zuen eskura, sarbide hori onartu ezean klik egiteko.
Tolosako epaitegiaren ebazpenak nabarmendu duenez, iruzurrezko SMS hori bezeroak ordura arte banku-etxearekin izandako mezu-hari berean jaso zuen. Esteka faltsu horretan sakatu ondoren, biktimak dei bat jaso zuen. Dei horretan, deitzaile batek kode batzuk eskatu zizkion, ustezko sarbide maltzurra gelditu ahal izateko.
Biktimak kode horiek eman zizkion deitzaileari, eta, ondoren, "engainu bidez" lortutako informazioa baliatu zuen kaltetuaren online bankuan sartu eta biktimaren kontutik zenbateko horren transferentzia egiteko.
Epaiaren arabera, kaltetua ez zen "arduragabekeriaz" aritu, "edozein kontsumitzaileri eska dakiokeen arretaz" aritu zelako. Dena dela, ebazpena oraindik ez da irmoa, Gipuzkoako Auzitegian errekurritu daitekeelako.