Iruzkina
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Trumpen kontraerasoa Ukrainako kasuan

Datozen egunak erabakigarriak izango dira Trump eta Ukrainiako agintarien arteko telefono elkarrizketen nondik norakoak argitzeko.

Ukrainako kasuan Trump presidenteak kontraerasoa hasi du bere kargutik botatzeko prozesuaren aurka. Kontraeraso hori eskandalua agirian jarri duen CIAko agentearen aurka eta Adam Schiff kongresista demokrataren aurka izan da.

Trumpek kasua agirian jarri duen agentea beldurtu nahi du, eta sinesgarritasuna kendu ere. Horrek Joe Biden etsai politikoa eta semea ikertzeko Trumpek Ukrainako presidentearekin izandako telefono elkarrizketaren berri eman zuen. Trumpek orain dionez, salaketa "faltsua" izan zen, eta informazio guztia bigarren iturri batetik jaso zuen. Informatzaile horren nortasuna ez da jakitera eman oraingoz, eta haren abokatuak esan duenez, arriskuan omen dago.

Trumpek Kongresuko Inteligentzia batzordeko presidentea den Adam Schiff demokrataren aurka ere gogor egin du. Traidoretzat jo du. Schiffek irakurri zuen Ordezkarien Ganbaran Trump eta Ukrainako presidentearen arteko elkarrizketaren transkripzioa. Eta irakurritakoa gezurtzat”jo du Trumpek. Haren espetxeratzea ere mahai gainean jarri du.

Kontraeraso hori une esanguratsuenean gertatzen ari da. Izan ere, egun gutxi barru azalduko dira Kongresuan bere testigantza emango duten diplomatikoak. Orain arte botere gehiegikeria leporatu zaio Trampi atzerriko agintari bati Estatu Batuetako hauteskundeetan esku hartzeko presioa egiteagatik. Orain, demokratek dena azkartu nahi dute eta lekukoei deitu.

Diplomatiko horien artean dago Kurt Volker, Ukrainarako Ordezkari Berezia. Ikerketak aurrera egiten badu, urriaren amaierarako Trumpen aurka salaketa gehiago egon daitezke.

Oposizioarentzat arazoa hau da: ez duela Senatuan behar den botoen bi herena Trump kargutik botatzeko. Baina egoera hau erabat alda daiteke. Testigantzak entzun eta gero iritzi publikoa aldatzen bada, eta gehiengoak Trumpek oker jokatu zuela uste badu, Senatuko botoak ere alda daitezke eta senatarien gehiengoa presidentea kargutik kentzearen alde azaldu.

Bigarren aukera bat ere izan daiteke. Etxe Zuriak argitaratutako telefono transkripzioaren bertsio leundua baino, beste bertsio bat argitaratzea. Eta Errusiako Putin edo Saudi Arabiako printzearekin izandako beste elkarrizketen berri kaleratzea. Ondorengo egunak erabakigarriak izango dira guzti hori argitzeko.  

 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X