Errusiaren aurkako zigor sorta handiena onartu du EBk
Errusiak Ukrainaren aurkako gerran erabiltzen dituen armak egiten dituzten 1.600 pertsona eta erakunderi zuzenduta daude zigor selektibo horiek
Europar Batasuneko (EB) Atzerri ministroek Errusiako konplexu militar-industrialarekin lotutako 1.600 pertsona eta erakunderen aurkako zigorrak onartu dituzte astelehen honetan, orain arteko zigor sorta handiena.
EBko Kontseiluak ohar baten bidez azaldu duenez, "Errusiak Ukrainaren aurka egindako eraso jarraitu eta gero eta gogorragoari" erantzuten dio neurriak, eta, bereziki, "azpiegitura zibilen aurka nahita egindako kanpaina militar basatiari, biztanleria zibilari sufrimendu larria eragiten ari delako".
Kontseiluak egin duen zerrenda horretan daude Errusiako industria militarra osatzen duten 826 enpresa eta 743 pertsona, enpresa horietan zuzendari nagusiaren kargua dutenak. EBk orain arte onartutako zerrendarik luzeena da. Aurrekoei batuta, guztira, zigorren erregimenaren esparruan guztira 4.600 pertsona daude.
Kaja Kallas Europar Batasuneko diplomaziaren buruak adierazi duenez, zigorren erdiak baino gehiagok Errusiak Ukrainako zibilen aurka erabiltzen dituen misil balistikoen ekoizpen kateari eragiten diote. "Kieveko zubiak, zerealak garraiatzen dituzten itsasontziak eta Zientzien Akademia Nazionala bonbardatzea ez da bakea bilatzen duen herrialde baten ekintza propioa. Ez da Moskuren gaineko presioa arintzeko unea, areagotzeko baizik", azpimarratu du Kallasek.