Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko bi langile hil ditu Israelek Gazan
Gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, instalazioak behar bezala seinaleztatuta zeuden eta Tel Avivek bazuen kokapenaren berri. Armadak esan du MSFko beharginak Hamaseko kideak zirela. Bi horiekin, 17 dira dagoeneko Israelek hildako Mugarik Gabeko Medikuak elkarteko kideak.
Zauritutako bat Mugarik Gabeko Medikuek Gazan duten klinika batetik ateratzen. Artxiboko argazkia: Europa Press
Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeko bi langile hil dira bart Gaza hirian Israelek egindako aire eraso batean, gobernuz kanpoko erakundeak salatu eta Israelgo Armadak baieztatu duenez.
"Bi kide erail ditu Israelek gure klinika baten kontra egindako erasoan. Atsekabetuta eta suminduta gaude. MSFren kontrako eraso zuzena izan da. Israelek 17 kide erail ditu Gazan", salatu du MSFk sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez.
Erakundearen arabera, instalazioak (Al Xifa ospitalearen ondoan daude) behar bezala seinaleztatuta zeuden MSFren logotipoarekin eta Israelgo Armadak bazekien kokaleku zehatza.
Mugarik Gabeko Medikuek hilketa salatu dute, Israeli erantzukizunak eskatu dizkiote eta bi langileen senitartekoei doluminak eman dizkiete.
Bestalde, Israelgo Armadak adierazi du bi langileak Hamaseko ustezko kideak zirela, eta horietako bat talde islamistaren beso armatuko artilleria zelula bateko komandantea ere bazela.
Ohar bidez azaldu duenez, "terroristak aire eraso bidez desagerrazi ditugu". Armadak ez du frogarik aurkeztu bi langileak Hamaseko kideak zirela baieztatzeko.
Su etena gorabehera, egunero egiten du Israelek Gazaren kontra. Menia indarrean dagoenetik, 2025eko urritik, 1.750 pertsonatik gora hil ditu, Gazako Zerrendako Osasun Ministerioak argiratutako datuen arabera. Guztira, 75.000tik gora dira Gazan hildakoak.