MIGRAZIOA
Trumpek deportatutako salvadordarrak nazioarteko bira egingo du, gaur Madrilera iritsi ondoren
AEBetako immigrazio-politika polemikoaren sinbolotzat jotzen dute Kilmar Ábrego. Herrialdetik borondatez irtetea erabaki du, babesteko agindu judizial bat izan arren deportatua izan ondoren.
Kilmar Abrego García, Madrilgo aireportura iritsi denean. Argazkia: EFE
Kilmar Abrego Garcia, Ameriketako Estatu Batuek agindu judizial baten aurka deportatutako salvadortarra, Madrilera iritsi da gaur goizean, emaztearekin batera, borroka judizial luze baten ondoren.
31 urteko Abrego duela 15 urte iritsi zen Estatu Batuetara, modu irregularrean, adingabea zela. Estatubatuar batekin ezkondu zen eta hiru seme-alaba dituzte elkarrekin. Salvadorreko gaizkile talde batek bera eta bere familia mehatxatu zituen, eta hori aintzat hartuta, epaile batek deportatzea debekatu zuen. Hala eta guztiz ere, Immigrazio eta Aduanen Kontrolerako Zerbitzuko (ICE) agenteek atxilotu egin zuten iaz, eta Terrorismoaren Konfinamendurako Zentrora (CECOT) deportatu zuten, Nayib Bukele presidenteak El Salvadorren duen espetxe erraldoira.
Epaile federal batek ahal beste egiteko agindu zion Estatu Batuetako Gobernuari. Funtzionarioek hainbat hilabetez oztopoak jarri zituzten, baina azkenean Abrego AEBra itzuli zuten joan den ekainean. Hala ere, horrek ez zion prozesu judizialari amaiera eman: pertsonen trafikoa leporatuta, atxilotu egin zuten. Geroago, beste epaile batek atzera bota zuen "ikerketa akastunagatik".
Trumpen Gobernuak Afrikako hirugarren herrialde batera (Ugandara, Ghanara edo Liberiara) deportatuko zuela agindu zuen. Azkenean, Abrego bera izan da herrialdea bere borondatez utzi duena, eta gaur goizean Adolfo Suarez Madrid-Barajas aireportuan lurreratu da. Hortik aurrera, nazioarteko konferentzia-bira bat egingo du bere esperientzia partekatzeko, Trumpen migrazio politikari buruzko eztabaidagune nagusietako bat bihurtu ondoren.
AEB: "Ez zaio inoiz itzultzen utziko"
Segurtasun Nazionaleko Departamentuak (DHS, ingelesezko siglak) hainbat mezu argitaratu ditu X sare sozialean, eta bertan, Trumpen argazki batekin batera, ziurtatu du "autodeportatu hori segurtasun publikorako mehatxua" dela, eta, beraz, "inoiz" ez diotela AEBn berriro sartzen utziko.
DHSk adierazi duenez, "ez da harritzekoa legez kanpoko atzerritar eta gaizkile horrek Espainiara alde egin izana, aurten bertan egoera irregularrean zeuden milaka atzerritarrek inbaditu baitzuten herrialde hori".