Frantziako ekonomia atzeraldi teknikoan sartu da, hiru hiruhilekotan jarraian behera egin ondoren
Barne Produktu Gordina (BPGd) % 0,2 jaitsi da hirugarren hiruhilekoan, urriaren 30eko lehen estimazioan aurreikusi baino hamarren bat gehiago, INSEE Frantziako Estatistika Institutuak jakinarazi duenez.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea artxiboko irudi batean. Argazkia: Agentziak
Ofizialki Frantziako ekonomia atzeraldi teknikoan sartu da, herrialdeko Barne Produktu Gordinak (BPGd) hiru hiruhilekotan jarraian behera egin ondoren. Urteko hirugarren hiruhilekoan, uztailetik irailera, % 0,2 jaitsi da, INSEE Frantziako Estatistika Institutuak ostiral honetan zabaldutako datuen arabera.
Hirugarren hiruhilekoko hazkunde datu aurreratua zuzendu du INSEEk. Izan ere, Barne Produktu Gordina (BPGd) % 0,2 jaitsi da hirugarren hiruhilekoan, urriaren 30ean aurreikusi baino hamarren bat gehiago.
Urteko lehen hiruhilekoan Barne Produktu Gordinaren jaitsiera % 0,2koa izan zen, hirugarrengoan bezala, eta bigarrengoan, berriz, % 0 pasatxo.
INSEEko bozeramaile batek EFEri azaldu zionez, nahiz eta bigarren hiruhilekorako eman zen datua % 0koa izan, egiaz zifra "pixka bat negatiboa" izan zen. Hala ere, zifra hori borobildu ostean % 0an gelditu zen.
Barne Produktu Gordinak bi hiruhilekotan jarraian behera egiten duenean esaten da ekonomia bat atzeraldian sartu dela, eta, beraz, Frantziak baldintzak betetzen ditu.
Frantziako Gobernuak % 0,5eko hazkundea iragarri zuen 2026rako, baina zaila izango da aurreikuspen horiek betetzea. Halaber, 2027rako egindako % 1eko hazkunde proiekzioa ere ezbaian kolokan gelditu da.