Zibilak ebakuatzeko, su-eten lokala baieztatu du Kremlinak
Errusiak baieztatu du Ukrainarekin su-etena egingo duela, Oleshky udalerrian dauden zibilak ebakuatze aldera, eta Melania Trumpi eskerrak eman dizkio "operazio humanitarioaren koordinazioan" egindako ekarpenagatik.
Kremlinak baieztatu du Ukrainarekin su-eten lokala ezarriko duela, Oleshky hirian dauden zibilak ebakuatu ahal izateko. "Militarrak lanean ari dira su-etenaren epeak adosten, misio humanitario hori bermatzeko", adierazi du Dmitri Peskov Errusiako Presidentetzako bozeramaileak.
Kremlineko bozeramaileak eskerrak eman dizkio Melania Trumpi "bertan ematen ari diren borrokak bertan behera uzteko egindako ahaleginagatik". Ameriketako Estatu Batuetako lehen damak iragarri zuen Oleshkin urriaren 29tik aurrerako su-eten akordio bat zehazten lagundu zuela.
"Bi nazioek adostu zuten Oleshkyko ekintza militar oro aldi baterako geldiaraztea , laguntza humanitarioa sartu ahal izateko eta izendatutako korridore seguru baten bidez biztanleria zibilaren ebakuazioa prestatzeko", jakinarazi zuen ohar baten bidez AEBetako lehen damaren bulegoak.
Etxe Zuriaren arabera, berak eta bere ordezkariak "Errusiako eta Ukrainako agintariekin zuzenean lan egin zuten". Gaineratu dute Oleshkiko egoera "kritikoa"dela eta bertan daudenek premiaz behar dituztela "arreta medikoa, sendagaiak, elikagaiak eta edateko ura".