Benito Lertxundi: 'Estatua bagina, merkatu naturala izango genuke'
Zertan ari zara lanean?
Hurrengo diskoan agertuko diren testu guztiak prestaturik dauzkat, bi kantu eginda ditut eta martxan dauzkat; kantaldietan egiten ditut. Orain nire proba batzuk egiten ematen ari naiz denbora, melodia batzuetan aldaketak egiten eta disko berrirako kanta guztiak amaitzen.
Noizko disko berri hori?
Datorren urtean diskoa amaituta izatea nahi nuke, baina gustatzen zait kantuei errodajea egitea, grabatu baino lehen kantaldietan probatzea. Egin berri estudiora eramanez gero, emaitza ez zait asko gustatzen. Kantuek bideko hautsak har ditzatela nahiago izaten dut eta konturatu gabe aldatzen joaten dira, bere tokia hartzen joango balira bezala. Horrela gertatzen dena da kantuak aldatzen doazenez gauzak atzeratu egiten zaizkidala, baina nik nahiko lasai egiten ditut gauza hauek.
Kantuak idazteko giro berezia behar duzu edo edozein unetan bururatzen zaizkizu?
Gauza da zu horretan harrapatu behar zaituela. Ez baldin badituzu bide horiek urratzen ez duzu ikusiko bide horretan zer dagoen. Hor egon egin behar da, lanean aritzea izan behar da jarrera, aritzea. Egia da askotan, gutxien pentsatzen duzunean, hari-muturra ateratzen zaizula, eta hari-muturrari tiraka hasten zara. Baina, zergatik ateratzen da hari-mutur hori une batean eta ez beste batean? Hori ez dakigu. Azkenean, gure barnean mila misterio daude, ezagutzen ez ditugunak. Egon egin behar da eta aritu egin behar da, eta ni egunero aritzen naiz. Batzuetan ez dut gauza konkreturik aritzeko, baina beti ekipoa martxan ipini, mikroaren aurrean jarri eta, batzuetan, ustekabean, horretan ari zarela, gauza bat ateratzen zaizu, horri heldu egiten diozu eta zehazten hasten da, eta, tiraka, kantu bat ateratzen da.
Mikel Laboaren heriotza zela eta, ez zitzaizun abestirik sortu?
Askotan gertakizun batek kolpe handia ematen dizu, baina agian ez da kantu bihurtzen. Nik uste dut badagoela erritual moduko bat, gauza jakin bati kantu bat egitea oso errekurtso erraza da, baina askotan oso zaila izaten da hortik kantua sortzea. Kantu bat zergatik egin behar duzun azaltzea zaila izaten da, baina sumatu egiten duzu hortik gauzaren bat, bitxikeriaren bat, atera daitekeela. Oteizari, adibidez, ez diot kanturik egin, eta harekin asko egoten nintzen eta oso gustura egoten nintzen, baina hari kantu bat egitea Egiptoko piramideei kantu bat egitea bezalakoa dela iruditzen zait, oso domestikatua da. Arrano xume bati, berri, bai egin diot.
Olatz Zugasti zure bikotekidea izateaz gain, musikaria ere bada; laguntza eskatzen diozu konposatzen duzunean?
Berak niri baino gehiago. Berak ezkutuan egiten ditu gauzak, agian beldurragatik, gustukoa ez duen zerbait esango diodala eta horrek atzeratu egingo duela uste du, eta nahiago du azken momentuan erakustea edo zalantza zehatz bat baldin badu galdetzea. Nik berari, aldiz, edozein huskeriagatik galdetzen diot. Agian kantu baten pasarte xume bategatik.
Euskal Herrian kantari maitatuenetarikoa zara eta hemendik kanpo, berriz, ia ezezaguna.
Hori soziologikoki oso naturala da. Ingelesez kantatzen duen batentzat, mundua mundu osoa da; euskaraz kantatzen duen batentzat, mundua Euskal Herria da, euskal mundua da. Badira mundu osoan onartu eta aitortzen direnak, eta hor beti politikarekin topo egiten dugu, eta gu, berriz, munduan ez gara ezer. Hain dago bereganatuta gure herria politikoki, bereganatuta menperatzaileen aldetik, hemen badirudiela politikaz ezin dela hitz egin. "Euskara politizatuegi dago", esaten dute, euskara politikatik kanpo egon ahalko balitz bezala. Hizkuntza guztiak dira politika, kultura guztiak dira politika. Politikoki egon behar duzu munduarekin harremanetan, munduan zerbait izango bazara eta gu politikoki oso umezurtz gaude. Hemendik ateratzen bagara, guk ez daukagu merkatu naturalik; Estatua bagina, berriz, merkatu naturala izango genuke. Estatu hori onartua izango litzateke, munduko mapetan egongo litzateke, eta orduan, merkatu guztietan egongo ginateke, daniarrak bezala eta Luxenburgokoak bezala.
Bardo deitzen dizutenean, zelan hartzen duzu?
Kantaria, kantorea, bardoa... nahi duzuna. Gure bizitzan ditugun jarrerengatik gauzak ulertzera ematen ditugu; besteek ikusten dute gauza bat edo bestea. Batzuek ikusten dute bardoaren figura, beste batzuek kantariarena, beste batzuek musikariarena, beste batzuek poetarena... Orion nitaz galdezka etorri zen bat, non bizi nintzen galdetu zion jubilatu bati, eta gizonak esan zion: "Zein? Kantoria?" (Kar-kar). Grazia egiten dit. Eta bardoaren figura, azken batean, kantu munduko etika hori bihotzera heldu zaionari deitzen zaio. Deitura polita da.
Ba al duzu harremanik beste musikari eta artista batzuekin?
Egia esateko, ez. Azken urteetan ez daukat harreman finkorik beste kantariekin. Topo egiten baldin badugu, egoten gara, baina nik ez dut gremialismo hori jorratzen. Oso lagun izatetik nator ni, Ez Dok Amairu taldearen esperientzia dut, eta hura bukatu zen bukatu zen moduan. Ez da kantariekin soilik, niri koadrilak eta gauza horiek ez zaizkit gustatzen. Horrelako erritualizazioa sortzen da, oso mekanikoa, eta baldintza karta bat bezala sortzen da, eta niri adiskideak baldintzarik gabe gustatzen zaizkit. Nahiago izaten dut tartekatzea, ez izatea gauza programatua. Alde horretatik, oso bakartia naiz eta tarteka elkartzen naiz batekin edo bestearekin, edo norbaitek zerbait esan badu, deitu egiten dut, baina jarraipenarik gabe.
Egunero abesten duzu?
Bai. Izan dira historian zehar, eta badira, bere ahotsa onartzen ez duten kantariak, eta horietako bat nauzu. Badaramazkit urte pilo bat ariketak egiten, mila proba egiten, diafragmarekin, bestearekin, goitik, behetik... Dauden teknikak probatzen ditut, baina modu autodidaktikoan. Hori dela eta, hanka-sartze handiak egiten ditut eta, batzuetan, jipoitu egiten dut ahotsa ikaragarri. Atzo hiru ordu eta erdi egon nintzen kantuan, eta denetarik egin nuen. Eta hori da ahots-kordentzat egin daitekeen gauzarik txarrena, polipoak atera daitezkeelako gauza ezberdin asko eginda, teknika ezberdinak eginda. Baina hain nago erotua, obsesionatua, nire ez-onartzearekin... Gaitz hori ezin dut aldendu nigandik. Ez baldin banaiz esertzen kantuak egiteko, horregatik izaten da. Niri barre egiten didate, izan ere, jende askok nire ahotsa miresten omen du eta nik, berriz, ez dut onartzen.
Alabak badu musikarekiko zaletasuna?
Baditu dohainak. Txikitan zeharkako flautarekin eta pianoarekin hasi zen. Flautarekin oso umetatik berezko soinu oso polita zuen, baina ez zuen asko jotzen. Pianoarekin hasi zen gero, eta ez du asko landu. Oso ondo kantatzen du eta belarri oso ona dauka, afinazio iraingarria dauka. Baina berak arrauna du gogoko eta hiru edo lau urte daramatza, oso gustura. Gero, etortzen denean, ez du astirik edo gogorik pianoa jotzeko. Askotan uztekotan egon da, baina berarekin hitz egin izan dut eta hartu izan du berriro. Partitura polita egokitzen zaionean, arnasa hartzen du eta suspertzen dela ematen du. Musika barruan darama. Esaten diot arrauna ez duela beti egingo, baina musika izan dezakeela betiko.
Bob Dylan gogoko duzu. Talde edo abeslari gazteen artean badago gogoko duzun baten bat?
Garaian-garaian beti dago kalitatezko norbait. Dylan aipatzen nuen perspektibagatik, gure belaunaldikoa da eta erreferentzia izan da guretzat. Denbora pasatu eta gero, ez nuke ulertuko azken 40 urteotako musika Dylan gabe, adibidez. Ez da bereziki gustatzen zaidalako, bizitzan zehar egin duen guztia erreferente handia delako baizik. Oraingo gauza asko nabarmenduko dira bidea egiten dutenean eta erreferente izaten hasten direnean. Nik oraingo musikarien gauzak entzuten ditut eta programa onak ere badaude; ETBn ematen dute Londresen Beatlesek erabiltzen zuten estudioan egindako musika saio oso polita ("Live on Abbey Road", ETB3). Hor jende ona ikusten da. Duela lau hamarkadako jendeak bagaje handia du, altxor handia dago, mota guztietako kantu handiak sortu dira, eta gaur egungoak horiekin konparatzen hasterik ez dago denbora pasatu arte.
Erretiroa hartuko duzu inoiz?
Erretiroa denok hartzen dugu bihotza gelditzen zaigunean. Ez nuke ulertuko nire bizitza beste modu batean. Fabrika batean lan egiten duenak ulertzen dut hartu behar duela erretiroa, eta, gainera, bejondeiola. Baina guri tokatu zaigun lanbide honetan, zelan esango diot neure buruari: "Ez duzu gehiago ahorik irekiko, ez duzu gehiago gitarra eskuetan hartuko, ez duzu gehiago kanturik egingo, ez duzu gehiago kantaldirik emango". Gai ez naizenean ez dut kantaldi gehiagorik emango, baina gai naizen bitartean, zertarako erretiroa? Zer egiteko?
Zure interesekoa izan daiteke
Lehendakariak IBMren superordenagailu kuantikoa inauguratu du Donostian: "Ezkutuan dauden itsasoak aurkitzen lagunduko du"
Donostiako IBM Quantum System Two superordenagailu kuantikoa Europako lehena eta munduko hirugarrena da.
Albiste izango dira: Ordenagailu kuantikoa Donostian, Gazarako bake akordioa eta ikerketa batzordea Nafarroako Parlamentuan
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Zer gertatuko da astearte honetan Windows 10ekin?
Windows 11rako migrazioari buruzko zalantza guztiak argituko ditugu, eta azalduko ditugu Windows 10 sistema eragilea erabiltzeko zer aukera daogen.
Perseverance roverrak Marteko krater batean aurkitutako arrastoen lagin batzuk aztertuko dituzte EHUn
Marten hartutako lagin batzuk jasotzeko Espainiar Estatuan hautatu dituzten bi laborategietatik bat EHUkoa da. Lagin horiek aztertuta, Marten bizitza egon den ala ez ondorioztatu ahal izango du Leioako kanpuseko laborategi horrek.
NASAk iraganeko bizi zantzu posibleak aurkitu ditu Marten
Planetak inoiz bizitza izan ote zuen zehazteko, funtsezkoa izango da Perseverance roverrak bildutako laginak Lurrera ekarri eta xehetasunez aztertzea.
1 Formulako pilotuek LEGO piezekin egindako autoen erreplikekin desfilatu dute Miamin
Miamiko lasterketa hasi aurretik, 20 pilotuak LEGO piezekin egindako autoekin atera dira pistara. Auto bakoitza LEGOko 400.000 pieza inguru erabiliz eraikia da, eta taldeek benetako dekorazioa eta babesleak dituzte.
Benetan berreskuratu al dute otso erraldoia, ala espezie berria sortu dute?
Colossal Bioscience enpresak dio otso erraldoiaren otsokumeak direla Romulo, Remo eta Khaleesi. Hala ere, adituek diote horiek ez direla duela 10.000 urte desagertutako espezieko kumeak, genetikoki eraldatutako otso grisarenak baizik, otso erraldoiaren gene batzuekin sortuak.
Duela 13.000 urte desagertutako 'otso izugarria' berreskuratzea lortu dute
Colossal Biosciences konpainiak dioenez, espezie horretako bi kume sortzeko gai izan da, fosiletan aurkitutako DNAtik eratorritako aldaketa genetikoen bidez. Romulo eta Remo dute izena, eta sei hilabete dituzte.
Munduko iceberg handienak Hego Georgiako uhartearen parean hondoa jo du, hainbat urtez noraezean ibili ondoren
A23a munduko iceberg handiena eta zaharrena da, eta Hego Georgiako uharte subantartikotik —pinguinoen paradisua— 73 kilometro ingurura hondartu da, bost urtez noraezean egon ostean, 2020tik. Adituek aurreikusi dute itsasaldiaren eta olatuen eraginez apurtuko dela.
Huelvako dendari batek pistola batekin armatutako lapurra oihuka bota du saltokitik
Lepeko denda bateko segurtasun-kamerak grabatu du gertakari bitxia. Antza denez, saltzailea berehala ohartu da pistola plastikozkoa zela.