Urteroko Forbes zerrenda
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bill Gates da munduko gizonik aberatsena berriz ere

Microsoften sortzaileak 76.000 milioi dolarreko ondarea dauka metatuta; Carlos Slimena, zerrendako bigarrenarena, aldiz, 72.000 milioi dolarrekoa da.
Bill Gates. Argazkia: EFE
Bill Gates. Argazkia: EFE

Urtero eguneratzen den Forbes zerrendaren arabera, Bill Gates da berriz ere munduko gizonik aberatsena 76.000 milioi dolarreko ondarea baitu. Microsoften sortzaileak zerrendako lehenengo postua berreskuratu du, lau urteren ostean, Carlos Slim Mexikoko telekomunikazio enpresaria, 72.000 milioi dolarreko ondarearekin, bigarren postuan utzita. Ondorioz, Gatesek zerrendako lehen postuan jartzea lortu du azken 20 urteetako 15etan.

Hirugarren postua Amancio Ortega Inditex S.A. etxeko arropa-markak (Zara, besteak beste) kudeatzen dituen enpresari espainiarraren jabearentzat izan da, 64.000 milioi dolar metatu baititu. Warren Buffett inbertitzaile eta Berkshire Hathaway Inc.-ren zuzendariak laugarren postua lortu du, 58.200 milioi dolar bilduta. Bosgarren postua, berriz, Larry Ellison, Oracle Corp.-eko jabearentzat izan da (48.000 milioi dolarreko ondarea du).

Datu guztiak kontuan hartuta, mundu osoko 1.645 milioidunek osatzen dute zerrenda, eta guztira 6.4 bilioi dolarreko ondarea dute. Ameriketako Estatu Batuetan daude milioidun gehien: 492, hain zuzen.

Emakume milioidunen gorakada

Nahiz eta oraindik gizonak nagusi diren, emakume milioidunen kopurua ere goraka doa. Guztira 172 emakume daude zerrendan, zerrendako milioidun guztien % 10 inguru. Iaz 138 ziren.

Zerrendako lehen emakumea Christy Walton, Mal-Wart Stores Inc. enpresakoa da, eta bederatzigarren postua lortu du, 36.700 milioi dolarreko ondarea bilduta. Liliane Bettencourt, L’Oreal S.A. kosmetika etxeko arduradunak, aldiz, hamaikagarren postua lortu du, 34.500 milioi dolar batuta.

Internet munduko enpresen itzala

Web munduko enpresen eragina ere oso nabarmena da zerrendan. Larry Page eta Sergye Brin Google Inc.-ren sortzaileak 17. eta 19. postuetan daude, eta 32.300 eta 31.800 milioi dolarreko ondareak batu dituzte, hurrenez hurren. Jeff Bezos Amazon.com-eko sortzaileak, berriz, 18. postua lortu du, 32.000 milioi dolarrekin. Mark Zuckerberg Facebookeko sortzaileak 21. postua lortu du, 25.800 milioi dolarreko ondarea osatuta.

Zerrendako gainontzeko izen deigarriak

Michael Bloomberg New Yorkeko alkate ohiak 16. postua lortu du bere izena daraman komunikazio-enpresaren bidez. 33.000 milioi dolarreko ondarea du.

Bestalde, urteko galtzailerik handiena Eike Batista telekomunikazio enpresari brasildarra izan da. Horren aberastasunak 10.600 milioi dolarrera jaitsi dira, petrolio eta errekurtso naturalen blokeoak, produkzio-jaitsierak eta zorrak direla eta.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X