Ximun Fuchs: '’Francoren bilobari gutuna’k egin du bere lana'
"Francoren bilobari gutuna" antzezlanaren bidea helmugara heldu da. Larunbatean, hilak 17, taularatuko dute azkenekoz, Ondarroan, Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzi eta Ximun Fuchsek zuzendutako lana Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Erika Olaizola eta Pako Revueltas aktoreek.
2016ko urrian Luhuson estreinatutako antzezlanak arrakasta handia lortu du han-hor-hemen, frankismoaren ondoren eta berorren ondorioz "gaitzak jota dagoen komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa" eginez, areketako, bide bazterretako, gorpuak bezala isilpean lurperatuta utzitako minak azaleratuz.
Izan ere, izugarrikerien transmisioa eta frankismoaren oroimena eta herentzia dira "Francoren bilobari gutuna" lanaren ardatzak, Euskal Herri osoko antzokiak bete dituzten 14.000 lagunek baino gehiagok dagoeneko bertatik bertara ikusi duten bezala.
Ximun Fuchs zuzendariarekin hitz egin dugu, lanari agur esateko egunaren bezperan.
Larunbatean, azken emanaldia egingo duzue Ondarroan. Zer sentipen izaten du sortzaileak ia urtebetez bidaide izan duen lana bukatutzat emateko egunaren bezperan?
Sentimendu kontrajarriak dira. Beti izaten da pena pixka bat ibilbidearen amaieran, noski, baina pozik ere bagaude, orain arteko lana bukatuta bide berriak ikusten ditugulako aurrean.
Gainera, "Francoren bilobari gutuna"ren aurrean, ezberdina da sentimendua, neurri batean, uste dugulako obra honek egin duela bere lana, jendeak bere egin baitu. Jada ez da gurea, jendearena da orain. Guk transmititzeko zeregina hartu dugu geure gain, baina publikoarena da jada, eta horrek asko pozten gaitu.
Orain, elkarlanean eginiko beste bi lanekin egin dugun bezala, antzezlanaren grabazio bat Sarean jarriko dugu, denon eskura eta urririk.

Argazkia: Guillaume Mezia
Zein izan da, zure ustez, "Francoren bilobari gutuna" lanaren arrakastaren giltza?
Zoritxarrez, ez dakit giltzarria zein izan ote den, bestela etengabe errepikatuko nuke formula. Nik uste dut hiru faktore batu direla oraingoan: herri antzerkia egin dugula, molde garaikidea eman diogula eta gai minberatsu bati heldu diogula.
Jendeak bere egin du hori, horien arrangurekin bat egin dugulako, baina ez dakigu oso ondo zergatik. Zortea ere izango da tartean.
Gainera, azpimarratuko nuke Euskal Herri osoarentzat eginiko apustua izan dela, ez dela izan erkidego bati edo lurralde bati begira egindako lana, baizik eta Euskal Herri osotik Euskal Herri osora begira sorturikoa.
Antzezlanak publikoarengan zer ernatu duela uste duzu?
Bada, guk galderak mahai gainean pausatzen ditugu, ez dugu erantzunik ematen. Eta kontuz ibili hitz handien bidez erantzun biribilak ematen dituzten artistekin! Hartu mesfidantzaz! Hainbat tokitan atzamarra sartzea da gure egitekoa.
Bestalde, antzerkigintzaren ikuspegitik, esango nuke eredu bat sortu dugula, lanerako molde bat proposatu dugula. Estetika eta ekonomia propioarekin, erakutsi dugu posible dela Euskal Herrian egindako antzezlan bat bizirik eta arrakastatsu ibiltzea urtebetez.
Frankismoaren garaiko istorioek interesa pizten jarraitzen dute ("Francoren bilobari gutuna" bera edo "Ehiztariaren isilaldia" eleberria dira horren adibide, berbarako), baina, oro har, isilaldi luzea izan da frankismoaren izugarrikerien transmisioan. Zer ondorio izan du horrek egungo euskal gizartean?
Frankismoa ez da soilik garai bateko sarraskia, etnozidio saiakera, bat izan. Frankismoak agerpen asko izan ditu, eta horren aztarnak bizirik dira egun ere. Munduan izan diren beste sarraski askorekin erkatu dugu antzezlana prestatzeko orduan, hobeto ulertzeko.

Legeek, halaber, zer gertatu zen ezkutatu dute, eta, euskaldunon ikuspegitik, ulertu behar dugu kanpotik idatzi dutela Euskal Herriaren historia.
Dena dela, guk ere badugu zer esan, nire irudiko, askotan herri kolonizatu gisa pentsatzen baitugu guk geuk. Zertan dira euskal zinema, antzerkia dantza? Zer baliabide dituzte?
Euskal kulturak herri ekimenei esker eutsi dio, baina arte edo kultura bat eraikitzeko dugu oraindik. Ia-ia ez dago euskarazko film edo antzezlanik ikusteko aukerarik, eskaintza osoaren % 2 edo 3 dira, frantsesezko edo gaztelaniazkoen aldean. Nire ustez, harreman zuzena dago sortzen dugun kultura eskaintzaren eta kulturari ematen diogun garrantziaren artean. Horren isla zuzena da.
Lan hau bukatutakoan, zertan murgilduko zara?
Sei edo zazpi ideia ditut bueltaka, baina noiz eta nola garatuko ditudan erabakitzea falta zait. Lehenik eta behin, Ondarroako emanaldiarekin, ate batzuk itxiko ditut lehenago, gero beste batzuk zabaltzeko.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
Zure interesekoa izan daiteke
Norma Vilaren 'Salitre' euskal filmak emango dio hasiera Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. Asteari
Salitre, Nagore Aranburu eta Haizea Carneros protagonista dituen pelikula, Norma Vilak (Bilbo, 1983) —Jules D. (2016) eta El fin de todas las cosas (2019) film laburren arduradunak— zuzendutako lehen film luzea da.
Apple TVren 'Widow's Bay' telesaila jaun eta jabe, Emmy sarien 78. edizioan
Beldurrezko satira horrek sei sari lortu ditu, sormenezko sarien ekitaldian lortutako zortzi golardorekin batera. Gaueko unerik hunkigarrienetako bat Michael J. Foxen agerraldia izan zen: Parkinson gaixotasunaren ikerketa sustatzeagatik Bob Hope sari humanitarioa eman zioten.
"Kill Jackie" Bizkaian eta EITBren plato batean grabatutako Catherine Zeta-Jonesen telesail berriak trailerra du
Seriearen trailerra estreinatu dute. Udaberrian filmatu zen EITBren plato berrian eta Bilbon, Getxon eta Bardean, besteak beste. 2027an, EITBn egongo da ikusgai.
Zabalik dago Durangoko Azokan erakusmahaia jartzeko izen-ematea
Irailaren 30a arteko epea daukate argitaletxe, diskoetxe, elkarte, erakunde eta gainerako interesatuek. Azokaren webgunean dago abenduaren 4tik 8ra bitartean egingo den azokaren inguruko informazio guztia.
Yayoi Kusama artista japoniarra hil da, 97 urte zituela
Hain zuzen ere, artista ezaguna abuztuaren 14an hil zen, Tokioko ospitale batean. 2023an "Yayoi Kusama: 1945etik gaurdaino" erakusketa hartu zuen Guggenheimek. Kusama 10 urte zituela hasi zen margotzen, eta, horretarako, ilargien eta patroien errepikapen obsesiboa baliatu zuen, hala nola sareak eta arkuak.
Bilboko Euskal Museoko sarrera doakoa izango da abuztuaren 22tik 30era, Aste Nagusia dela eta
Bisitariek erakusketa erdi iraunkorra ikusi, Ra Asensiren "Uhinak" proposamen garaikidea ezagutu eta "Bilboko erraldoiak" erakusketa tradizionalaz gozatu ahal izango dute.
Juan Tamariz magoa hil da, 83 urte zituela
Mundu osoan zen ezaguna, kartomagian, hurbileko magian eta mentalismoan espezializatua zegoen, eta bere ikuskizunetan humorea erabiltzen zuen.
Adele, Raye, Sienna Spiro…: 15 urte Amy Winehouseren oinordekoaren zain
Duela 15 urte Camden Towneko bere etxean hilda aurkitu zuten Amy Winehouse; ordutik, Erresuma Batuko musikagintzak ez du haren parekorik aurkitu.
Bilbao Blues jaialdiak doako kontzertuekin beteko du Areatza
Uztailaren 24tik 26ra egingo den jaialdiaren bosgarren edizioak Travellin' Brothers Bizkaiko taldeari emango dio urteko saria.
Calvin Harris, FKA twigs eta Dani Fernandez, Bilbao BBK Live jaialdiaren lehen eguneko izar distiratsuenak
Alcalá Norte taldearen kontzertu ezustekoak eta Calvin Harris, FKA twigs eta Dani Fernandezen emanaldiek Bizkaiko hiriburuan hiru eguneko musikari hasiera eman diote. Milariek nazioarteko izenekin, tokiko talentuarekin eta Kobetamendiko publikoa harritu duen ezusteko emanaldi batekin gozatu dute.