Loraldiaren ekoizpena
Gorde
Kendu nire zerrendatik

“Dena egiteke dago”tik “Dena eginda dago”ra arteko tentsioan mugituko da “Ikimilikiliklik Vol.2” lan berria

Edurne Azkarate zuzendari artistikoaren gidaritzapean, Loraldia festibalaren ikuskizun berriak Laboa, Artze anaien eta Zumetaren jatorrizko lanaren espiritu esperimental eta abangoardiazkoa berpiztu nahi du musika, poesia, dramaturgia eta zuzeneko ikus-entzunezkoen bidez.
“Ikimilikiliklik Vol.2”  ikuskizuna ekoitzi du Loraldiak

"Ikimilikilik.Vol2"ko antzeztaldea

Loraldiak ekoizpen propio berria aurkeztu du gaur, asteartearekin: Ikimilikiliklik Vol.2. Edurne Azkarateren zuzendaritzapean, Mikel Laboak, Artze anaiek eta Jose Luis Zumetak duela 50 urte sortutako Ikimilikiliklik sentikariaren izaera abangoardista “berpiztu” nahi du sorkuntza berriak, “hari erantzunez, ez imitatuz”.

Musika, poesia, dramaturgia eta zuzeneko ikus-entzunezkoak batzen dituen ikuskizuna Azkaratek zuzendu du, Iñaki Salvadorren, Mikel Laboaren taldean urte luzez aritutako pianistaren, laguntzarekin. Harekin batera, agertokian egongo dira Oreka TX taldea (Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro), Libe Garcia de Kortazar abeslaria, Intza Alkain aktorea eta Itziar Garaluce artista bisualaren ikus-entzunezkoak. Testu berriak Intza Alkainek, Itziar Navarrok eta Edurne Azkaratek idatzi dituzte.

“Nostalgiatik urrun”, Ikimilikiliklik Vol.2 jatorrizko ikuskizunari “erantzutera” datorrela azaldu dute lanaren sortzaileek, ez “imitatzera”: “Bi garaiak lotzen dituen zilbor-hesteari heldu eta tenk egiten dio, garai hartako dena egiteke dagoren eta oraingo dena egina dagoren arteko tentsioa aztertzen du”.

Lanaren aurrestreinaldia Saroben arte eszenikoen gunean, Urnietan, izango da azaroaren 12an, eta estreinaldi handia azaroaren 14an Iruñean, Baluarten. Aurrerago, Ikimilikiliklik Vol.2 Euskal Herrian zehar mugitzea da asmoa. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago kargatu
Publizitatea
X