“7 urte” euskaraz estreinatuko dute
Gau bat, espazio bakarrean, Madril erdialdeko bulego batean, lau bazkide, iruzur fiskala egiteagatik zazpi urteko zigorra eta bitartekari bat, errua bere gain nork hartuko duen erabakitzeko. Horiek dira “7 urte” antzezlanaren osagaiak.
2016ko pelikula batean du jatorria lanak, eta Agurtzane Intxaurraga arduratu da, Vidania Teatro ekoiztetxeak hala eskatuta, oholtzarako apailatzeaz. “Anbizioaz diharduen thriller psikologikoa” da gaur, urtarrilak 23, Basaurin (Social antzokia, 20:00) estreinatuko den euskarazko lana.
Enpresa arrakatatsu baten lau bazkideak (Jon Olivares, Iñigo Gastesi, Dorleta Urretabizkaia eta Aitor Beltran) lantokian batuko dira, zerga iruzurra egiteagatik jarriko dieten zazpi urteko zigorra bere gain zeinek hartuko duen erabakitzeko. Kandido Urangak gorpuzten duen bitartekari batek lagunduko die pertsona bakoitzaren alderik makurrena azaleratuko duen erabaki hori hartzen.