“Laster eroriko da” Metrokoadrokaren “komedia basatiak” irabazi du Korrikaren Sorkuntza Beka
“Laster eroriko da” Metrokoadroko kolektiboaren lanak jasoko du AEK-Korrikaren hirugarren Sorkuntza Beka, gaur, asteazkenarekin, Tafallan egindako aurkezpen batean iragarri dutenez.
Hurrengo Korrikaren atarian egingo den Korrika Kulturalaren egitasmo nagusia izango da antzezlana, eta 23.000 euroko dirulaguntza izango dute horren egileek AEKren eskutik.
“Komedia basatia” da “Laster eroriko da”, Idoia Beratarbide eta Oier Guillan Metrokoadrokako kideen hitzetan. Bi gazte eta haien aitona jangela batean kokatuko ditu: bazkari handi bat prestatu behar dute aitonaren 99. urtebetetzea ospatzeko, baita bazkalosterako kantutegia prestatu ere, baina gazteek ez dakite ez sukaldean aritzen, ezta euskal kanta klasikoen hitzik ere.
Epaimahaia Anabel Arraizak, Galder Perezek, Asier Rubiok, Kattina Haranek eta Eneko Gilek osatu dute, eta lan saridunak “planteamendu berritzailea” duela nabarmendu dute, baita “garatu nahi duten ideiaren potentzia edo indarra” ere.
“Laster eroriko da” 2027ko azarotik 2028ko apirilera bitartean antzeztuko da, Korrika Kulturalaren barruan.