Ernesto Netok gorpuztasunaren aldarria paratu du Guggenheimen
Ernesto Neto brasildar artistak "Ernesto Neto: Naraman gorputza" erakusketa aurkeztu du Guggenheim Bilbao Museoan, ostegun honetan. Laurogeiko hamarkadaren erdialdetik gaur egun arte sortutako berrogeita hamar lan bildu dituzte bertan.
Netoren (Rio de Janeiro, 1964) erakusketa ostiral honetan, hilak 14, bisitatu ahal izango da lehenengoz, eta maiatzaren 18ra arte egongo da bertan, museoak iragarri duenez.
Instalazioen, eskulturen eta arkitekturaren bitartez ikusleen zentzumenei dei egitea da erakusketaren helburua, ikusleek esperientziak bizitzea.
Netoren lanak "zeharkatzeko, berorietan sartzeko, sentitzeko eta, zergatik ez, usaintzeko" sortuak dira. Hala, ikusleak haiekiko harremana izango du, bere gorputzaren, zentzumenen eta adimenaren bidez.
Lan hautatuetako batzuk Guggenheimeko espazioetara egokitzeko eraldatu ditu artistak, eta beste batzuk erakusketa honetarako egin ditu Netok beren-beregi.
Sentsualitatea eta gorpuztasuna ardatz dituzten eskulturen bidez, Netok giza harremanen ezaugarri komunetara heldu nahi du.
Netorena aurten Guggenheimen egingo duten erakusketa nagusietakoa da; martxoan, Yoko Onori buruzko atzera begirako erakusketa bat izango da.
Udan, Georges Braqueren beste atzera begirako bat jarriko dute ikusgai, eta Guggenheimen bildumetako lanak ere erakutsiko dituzte. XX. mendeko lanak izango dira bertan: Picassotik hasi eta arte garaikidera arte.
Bildumako lanen bigarren erakustaldia urrian etorriko da, eta XX. mendeko arte mugimendu funtsezkoak izango ditu gai nagusi: abangoardia historikoetako maisuak eta instalazio garaikideak uztartuko dituzte Bilboko museoan.
Ernesto Neto: "Gure pentsagaiei buruz pentsatu'
Brasildar artistak pentsatzeko gonbita egiten du bere lanetan, "pentsatzen duguna pentsagai hartzekoa". Merezi duen zerbaitetan pentsatzea nahi du Netok, ez "eguneroko publizitate mezuetan eta albiste txarren bonbardaketan".
"Gelditu egin behar dugu. Pentsatzea nahi dut. Zergatik pentsatzen dugu horrenbeste? Zertan pentsatzen dugu? Ez da hobe pixka bat itxaron eta pentsgai dugun horren inguruko hausnarketa egin?", galdetu dio bere buruari.
Lanetako batzuek gonbit hori, maila metaforikotik haratago, maila fisikoan ere egiten dute: bisitariak atseden har dezake erakusketan, artilez eginda eta sabaitik zintzilik dagoen ibiltoki batean, lasaiago, bere pentsamenduarekin bat egiteko.
"Oso garrantzitsua da arnasa hartu eta geure kasa pentsatu ahal izatea, buruan merezi duen zerbait izan dezagun. Telebistak, albiste txarrek eta autolaguntzako liburuek bonbardatzen gaituzte... Pentsatzeko ala ez pentsatzeko liburuak dira, halere, horiek?", ostera ere bere artean galdetuta.
"Gorputza" da aristaren ideia finkoetan bigarrena, "garamatzan gorputza", erakusketaren izenburuak dioen bezala, eta adimena "gorputz horren zati bat" soilik dela adierazi du Netok: "Gorputza zintzoagoa da; adimena, gaiztoagoa".
Horren aurrean, "pertsonek beste gorputz atal batzuekin pentsatzea nahi dut, bihotzarekin esaterako, eta ez daitezela gelditu espetxera, askatasunik ezara, garamatzaten joko kulturaletan".
Netoren arabera, denok gaude besteekin lotuta: "Pertsonok arnas egiten dugu, nire gorputzean sartu-irtenean ari den airea zugan sartuko da gero, nire barruan dauden molekulak zure barruan egongo dira".
Gorputza, hala berean, naturarekin lotuta dago: "Mundua gorputza bezalakoa da niretzat; lurra, gorputza bezalakoa. Lurra irudi edo pasaiatzat hartzen dugu askotan, baina, nire ustez, gorputza da, eta natura guregan dago".
Azkenik, baikortasunerako deia egin du Netok: "Bizitza ez da erraza, baina horrek ez du esan nahi mina, sufrimendua, direnik bizitzaren erakusgarri sakonenak. Ez, pozik egotea, bizimodu harmoniatsua izatea, bihotzez eta maitasunez bizitzea, naturala da".
Zure interesekoa izan daiteke
Mikel Chillidak hartuko du Chillida Lekuren zuzendaritza
Museoaren "etorkizuna zehazten laguntzea benetako pribilegioa" dela esan du Eduardo Chillida artistaren bilobak. Apirilaren 1ean hartuko du kargua.
"Barreiatutako paisaiak": Euskal industriaren margoak, San Telmo museoan
Gerardo D’Abraira marrazkilariaren lanak ikusgai daude Donostiako San Telmo Museoan. "Barreiatutako paisaiak" izena du erakusketak, eta joan den mende erdialdeko lanak biltzen ditu.
Euskal artea ikusgai ARCOmadriden
Martxoaren 4tik 8ra, Madrilgo Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokak Euskal Herritik datorren artearen lagin bat hartuko du. Ignacio Mugicaren arabera, orain arte bizi izan dugun jarraipenaren erakusle da aurkitu ahal izango dena, baina galeria gazte gehiagoren falta sumatzen du, "eta arte garaikidea gazteena da, ezarrita dagoenarekin hautsi beharko luketena".
Euskal artista eta galeriak, Arcomadrid azokarako prest
Carreras Mugica eta Cibrián euskal galeriek programa orokorrean parte hartuko dute, eta Villa Magdalenak “Opening. Nuevas galerías” atalean. “El futuro, por ahora” atalean, June Crespo artistaren lanak erakutsiko dituzte Carreras Mugicak eta P420 Boloniako galeriak.
Euskal Emakume Eskultoreak (E3) elkarteko kideen lanak, Batzar Nagusien Bilboko egoitzan ikusgai
Errekonozimendua lortu duten euskal eskultore gehienak gizonezkoak badira ere, emakumezkoek eragin handia izan dute arte molde horretan, arreta gutxiago eman zaien arren. Horrela, euskal eskulturan merezi eta behar duten leku hori aldarrikatzeko E3 Euskal Emakume Eskuloreak elkartean batuta daude batzuk, eta euren lanak Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan ikusgai daude, Bilbon. Erakusketa apirilaren 23ra arte egongo da zabalik.
Maite Rosendek egin ditu Itzuliko eta Itzulia Womeneko kartelak
Donostiar artistak irabazi zuen Euskadi literatura saria ilustrazioaren atalean, eta, hortaz, hari dagokio txirrindularitza probetako kartelak diseinatzea.
Kutxa Fundazioak ibilbide bat proposatu du Elena Asinsen obran zehar
"Egitura, espazioa, denbora" erakusketak 100 lan baino gehiago biltzen ditu: marrazkiak, pinturak, eskulturak, liburuak, ikus-entzunezko piezak eta instalazioak. "Arte konputazionalaren eta abstrakzio geometriko moderno eta garaikidearen ezinbesteko figura" da Asins, Fundazioak azaldu duenez.
Txuspo Poyo artista nafarraren "Anonima" erakusketa, Azkuna Zentroan
Bilboko espazioko erakusketak ehun pieza baino gehiago bildu ditu, 1980ko hamarkadatik gaur egun arteko proiektu gehienak. Maiatzaren 17ra arte egongo da ikusteko aukera.
Zineb Sedira artistaren "Standing Here Wondering Which Way to Go" erakusketa, gaurtik Tabakaleran
1960ko eta 1970eko hamarkadetako Afrikako askapen-mugimenduak eta utopiak dakartza gogora.
Eusko Jaurlaritzak 31 obra gehitu dizkio Bilduma Partekatuari
Jaurlaritzak 300.482 euro inbertitu ditu 21 artistaren lanetan, Artiumeko, Bilbao Museoko eta Tabakalerako adituen erakunde arte batzorde baten aholkuei jarraituta. Erosi dituzten obren egileen artean daude Jose Ramon Amondarain, Mar de Dios, Angel Bados, María Luis Fernandez, Gema Intxausti, Imanol Marrodan, Manu Muniategiandikoetxea, Usoa Fullaondo…