Ruth Asawa, Jasper Johns, Steve McQueen eta Dan Flavin, Guggenheimen 2026an
Dan Flavin 'berdeetan zehar berdeak'. Argazkia: © Stephen Flavin VEGAP, Bilbao 2025
Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioko Patronatuak bilera egin du bart Bilboko museoan, Imanol Pradales lehendakaria buru zela, Miren Arzalluz museoko zuzendari nagusiak apirilean kargua hartu zuenetik egin duen lehenengoa.
Bilkuran, museoa 2026. urteari begira prestatzen ari den erakusketa programa aurkeztu dute, tartean arte moderno eta garaikidearen ordezkari diren lau artista nabarmeni eskainitako erakustaldi monografikoak.
Horietan lehenak Ruth Asawa artista estatubatuarraren lana jarriko du ikusgai. Bigarrena 1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetako AEBko arte plastikoen eszena eraberritu zuen Jasper Johns artistari buruzko atzerabegirakoa izango da. Urrian, bestalde, "mugimendudun irudien bidez gai unibertsaletan eta biografia gogorretan murgiltzen den Steve McQueen artista, zinema-zuzendari eta gidoigilea" protagonista izango duen erakusketa aurkeztuko du Guggenheimek. Azkenik, bi urterik behin Solomon R. Guggenheim Museumeko funtsak Bilboko publikoari erakusteko programaren baitan, Dan Flavin artista minimalistari buruzko erakusketa inauguratuko da azaroan.
Azkenik, 2025eko azken hiruhilekoan inauguratuko den erakusketa batean, jendaurrean dauden Museoaren Bildumako artelanak aldatuko direla iragarri dute. Bilduman azkenengo sartu diren lanen aukeraketa bat erakutsiko dute hartara: D. Daskalopoulos Collectionetik dohaintzan jasotako zenbait lan eta Rodenstock bildumak epe luzerako maileguan utzitako pieza batzuk.
Bestalde, aurtengo ekitaldiari buruzko datu batzuk ere aipatu dituzte bileran. Ekainaren 10era arte, 476.795 bisitari hartu ditu Guggenheimek, urte tarte honetarako aurreikusitakoa baino % 29 gehiago eta 2023an, museoak inoizko bisitari gehien izan zuen urtean, baino % 7 gehiago.