Bildumaren gaineko begirada ezberdin bat eta espazio berriak, Arte Ederren Bilboko Museo berrituan
Arte Ederren Bilboko Museoa berriz zabalduko dute asteartean, urriak 6, zaharberrituta eta 6.743 m² handituta. Zer artelan ikusi ahalko dituzte, baina, Norman Fosterrek eta Luis Maria Uriarte euskal arkitektoak diseinatu duten espaziora bertaratzen direnek, lau urteko lanen ondoren?
Hasteko, museoak bere bildumako lanei egindako begirada berri bat proposatuko du, “Bildu(e)mak” erakusketan: hainbat aro, diziplina eta estilotako mila bat pieza, bi espaziotan antolatuta, edifizio zaharrean eta berrian. Bisitaria tradizio klasikotik abiatuko da, K.a. IV. mendeko zeramikazko ontzi bat eta guzti, eta gaur egungo artera iritsiko da, Erdi Aroa, Errenazimentua, Mendebaldeko Barrokoa eta XX. mendeko abangoardiak atzean utzita.
Bilduma propioaren aurkezpen berri honetan, museoak arreta berezia jarri du emakume artisten lana agerian uzteko, eta oso artista ezberdinen lanak daude ikusgai: Isabel Baquedano, Durero, El Greco, Van Dyck, Zurbaran, Goya, Zuloaga, Sorolla, Zuloaga, Dora Salazar, Zubiaurre, Romero de Torres, Regoyos, Arteta, Eulalia Abaitua, Mari Puri Herrero, Guezala, Max Ernst, Oteiza, Chillida, Menchu Gal, Balerdi, Agustin Ibarrola, Nestor Basterretxea, Vicente Larrea, María Franciska Dapena, Esther Ferrer, Vicente Ameztoy, Juan Luis Goenaga, Elena Asins, Pello Irazu, Darío Urzay, Cristina Iglesias, Jesus Mari Lazkano, Itziar Okariz, Sergio Prego…
"Bildu(e)mak" erakusketa
Aldi baterako erakusketak
Bilduma propioaz haratago, museoak aldi baterako hiru erakusketa eskainiko ditu estreinako egunetan, baita hiru lan, Itziar Okarizen soinu instalazio bat eta Anthony Caroren hiru eskultura, BBKmuseoan, Norman Fosterrek eta Luis Maria Uriartek diseinatu duten eraikineko galeria nagusian.
Eraikin Berriko 0 solairuan, “Itsasoaz haraindiko ikuspegiak. Artista bidaiariak Patricia Phelps de Cisneros Bilduman” Estrella de Diego komisarioak antolatu duen erakusketa paratu dute. 150 piezek argi erakusten dute paisaia latinoamerikarren oparotasunak Europako eta Ameriketako artistei eta bidaiariei eragin zien lilura eta jakin-min intelektuala: XVII. eta XX. mendeen arteko margolanak, marrazkiak, estanpak, mapak, liburuak, argazkiak…
"Kabinetea" Gondra Barandiaran Fundazioaren espazioan, “Balerdi. Lerro infinitua” erakusketak begiratuko dio Rafael Ruiz Balerdi marrazkilariak (1934-1992) 1950eko hamarkadan bere ibilbideari ekin zionetik egindako lan etengabeari, 50 obra baino gehiagoren bitartez.
Azkenik, “Hasieraren bilaketa. Plácido Arangori omenaldia” erakusketa bildumazaleentzako omenaldi gisa aurkeztu dute, museoari hainbat eta hainbat obra laga dizkion Placido Arango ardatz hartuta. Hark utzitako 100 lanen artean, museozaleek Velazquez, Picasso eta Dario de Regoyosen artelanak ikusiko dituzte, besteak beste.
ARTE EDERREN BILBOKO MUSEOA
Arte Ederren Bilboko Museoak Placido Arango omenduko du fase berriaren inaugurazioan
Placido Arango izango da Arte Ederren Bilboko Museoaren berrirekitzearen protagonista nagusia, seme-alabek utzitako eta Pradoko Museoarekin batera antolatutako erakusketa bati esker. Erakusketa urriaren 5ean inauguratuko da Arte Ederren Bilboko Museoan, eraikina handitzeko lanak amaitu ondoren.
BBKmuseoa, Fosterrek eta Uriartek diseinatutako eraikin berriko galeria nagusia, 1.500 metro koadro eta 6 metroko garaiera duen espazioa da, eta 500 metro koadrotik gorako terraza batera zabaltzen da. Galerian, Itziar Okarizen (1965) Arnasketa ozeanikoa soinu-instalazioa dago, eta terrazan, Anthony Caroren hiru eskultura handi. Haien inguruan, June Crespo, Ibon Aranberri, Sergio Prego, Ana Laura Aláez, Gema Intxausti, Erlea Maneros eta beste hainbat artistaren lanak egongo dira ikusgai, gainera.
Arte Ederren Bilboko Museoa. Argazkia: Nigel Young.