Artium Museoak bilduma propioari emango dio garrantzia 25. urteurrenean
Arte garaikideko museoak 3.000 artelan baino gehiago zabalduko ditu eraikineko aretoetan urteko lehen seihilekoan, eta Arabako Arte Ederren Museoarekin lankidetza bat estreinatuko du. Museoak Aurelio Artetaren triptiko bat eskuratu du, Picassoren lan baten truke.
Artium Museoak 25. urteurrena ospatuko du 2027an, 3.000 artelan baino gehiago biltzen dituen bilduma publikoaren historia eta eraldaketa ardatz dituen programa batekin.
Euskal Herriko Arte Garaikideko Museoak ospakizun horren ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur, eta artelanak eraikinaren aretoetan banatuko dira urteko lehen seihilekoan.
Programazioaren ardatzetako bat Arabako Arte Ederren Museoarekiko lankidetza izango da, artelanak trukatuz bi erakundeen arteko loturak estutzeko aukera emango duena. Hala, Aurelio Artetaren (1879-1940) Gerrako Triptikoa Artiumera iritsiko da eta trukean, Pablo Picassoren Mousquetaire à la pipe lana Arte Ederretako aretoetara joango da.
Trukeak bi erakundeen bildumak lotuko ditu. Picassoren lana Arabako Foru Aldundiak erosi zuen 1979an, eta Artium Museoaren sorrera-bildumaren parte da; Artetaren triptikoa, berriz, Arabako Arte Ederren Museoaren funtsetakoa da.
2027rako aurreikusitako berrantolaketaren aurrerapen gisa, Artiumek Orain taldeak 1966an Arabako Arte Ederren Museoan antolatu zuen erakusketarekin zerikusia duten lanen eta dokumentuen lehen aurkezpena gehitu du A0 aretoan. Erakusgai dauden piezen artean Juan Mieg eta Carmelo Ortiz de Elgearen lanak daude, Joaquin Fraile eta Jose Ignacio Vegas Arambururen artxiboko materialekin batera.
Artiumek atzera begirakoa egin nahi du urteurrenean, eta funts publikoaren bilakaera aztertu.