1976ko Veneziako Bienaleko euskal parte-hartzearen oihartzuna, Artiumen
Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak I Baschi alla Biennale 1976/2026 erakusketa prestatu du. Eraikineko A3 aretoan paratu dute, eta bertan egongo da ikusgai 2027ko maiatzaren 30era arte.
Euskal artisten talde batek 1976ko Veneziako Bienalean izandako parte-hartzea da erakusketaren ardatza; lanek eta dokumentuek aukera ematen dute demokraziaren aldeko aldarrikapenek markatutako testuinguru bereziki nahasian arte-komunitateek izandako parte-hartzea aztertzeko.
Joan den maiatzean, Veneziako 61. Bienalean, I Baschi alla Biennale 1976/2026 ekimena gidatu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta hori da gaur aurkeztu duten erakusketaren iturburua.
1976an, euskal artista, poeta eta musikari talde batek Veneziako Biennalen parte hartu zuen, Amnistia denontzat lelopean. Topaketa hartan, askatasunak berreskuratzea aldarrikatu eta aurreko hamarkadetan jasandako errepresioa salatu nahi zen. Hura egin eta berrogeita hamar urtera, “I Baschi alla Biennale 1976/2026” erakusketak gertaera haren testuinguru politiko eta kulturala aztertzen du, lekukotasun, dokumentu eta objektu artistikoen bidez.
Besteak beste, artista hauen artelanak jasotzen ditu erakusketak: Nestor Basterretxea, Gema Intxausti, Mari Puri Herrero, Jose Angel Rebolledo, Jose Mari Zabala, Jose Luis Zumeta, Juan Perez Agirregoikoa, Agustin Ibarrola, Maria Franciska Dapena, Jose Antonio Sistiaga, Nicolas de Lekuona, Jorge Oteiza, Aurelio Arteta, Remigio Mendiburu, Fernando Larruquert, Xabier Salaberria, Juan Jose Lasa, Damaris Pan, Irati Gorostidi, Jose Ortiz Echague, Manuel Millares eta Antonio Saura.