Arte erakusketa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Chillida anaien obrak batera izango dituen lehen erakusketa zabalduko dute azaroan Chillida Lekun

Erakusketa azaroaren 19tik martxoaren 7ra egongo da ikusgai, eta Eduardo Chillidaren eskulturak eta Gonzalo Chillidaren margolanak espazio berean ikusi ahal izango dira.

"Arco de la Libertad" (Eduardo Chillida) Chillida Leku
Eduardo Chillidaren obretako bat Chillida Lekun.

Eduardo Chillidaren  (1924-2002) eskulturak eta haren anaia Gonzaloren (1926-2008) margolanak batera ikusi ahal izango dira Chillida Lekun azaroaren 19tik aurrera. Chillida anaien obrez espazio eta une berean gozatu ahal izango da lehen aldiz martxoaren 7ra arte.

Zeruertzera begira. Chillida anaiak, Eduardo eta Gonzalo Zabalagan erakusketak bi anaien sorkuntzen arteko elkarrizketa proposatuko du. Eduardoren lanak museoaren bildumakoak dira. Horrez gainera, Gonzaloren ehun bat margolan aukeratu dira eta horietako batzuk hil zenetik lehen aldiz ikusi ahal izango dira. 

Museoak ohar bidez azaldu duenez, Gonzaloren alaba Alicia Chillidak komisariatutako erakusketak bi artistek lanerako zuten "espiritu zorrotz eta zehatzarekin" egindako obrak erakutsiko ditu eta "hizkuntza desberdinetatik naturaren, hutsaren eta isiltasunaren inguruan kezkak partekatzen dituzten bi unibertso" azaleratuko ditu. "Gonzaloren pinturaren atmosfera metafisikoa elkarrizketan arituko da materia eta espazioa esploratzen grabitatearen aurka aritu izan zen Eduardoren eskulturerakin", azaldu du Chillida Lekuk erakusketari buruz. 

Gonzalo Chillidaren jaiotzaren mendeurrena dela eta, Arte Ederren Bilboko Museoan egon ohi diren bere lanetako batzuek Chillida Lekura egingo dute bidaia. 

Artelanez gainera, erakusketak German Huici eta Jose Maria Parreñoren saiakerak dituen argitalpena ere jasoko ditu. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X