Bilboko Guggenheimek eta Arte Ederren museoak sarrera bateratua eskainiko dute prezio merkeagoan
Urriaren 14an jarriko da indarrean, eta lau eguneko epean bi museoak bisitatzeko aukera emango du.
Miguel Zugaza eta Miren Arzalluz, Arte Ederren Bilboko Museoko eta Guggenheim Bilbao Museoko zuzendariak. Argazkia: EFE.
Bilboko Guggenheim eta Arte Ederren museoek sarrera bateratua ezartzea adostu dute. Lau eguneko epean txartel bakarrarekin eta prezio merkeagoan bi museoak bisitatzeko aukera emango dute horrela.
Sarrera horiek % 20 eta % 33 arteko deskontua izango dute, erakusketen egutegiak ezarritako sarrera motaren arabera. Hala, helduentzako sarrerak 24 euro balio du; sarrera bateratuak, berriz, 16 euro.
Halaber, bi museoetako zenbait talde eta lagunentzat hobaria duten tarifak mantenduko dira. Hala, 65 urtetik gorakoen eta 18 eta 25 urte bitarteko (biak barne) ikasleen bisitak sustatzeko hobariak izango dira, eta bi museoetako Museo Lagunen kolektiboek % 50eko deskontua izango dute.
Sarrerak urriaren 14an sartuko dira indarrean, baina aldez aurreko salmenta ostiral honetan abiatu dute bi museoen webgune ofizialetan.
Arte Ederren Museoak urriaren 6an zabalduko ditu ateak
Arte Ederren Bilboko Museoa itxita dago abuztuaren 30etik handitze lanen azken fasea burutzeko. Urriaren 6an irekiko dute berriro, eta sarrera doakoa izango da hil horren 6tik 13ra.
Astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 19:00etara izango da zabalik, eta igandeetan, 10:00etatik 15:00etara. Sarrera orokorrak 12 euroko prezioa izango du, eta murriztuak, 6 eurokoa.