Inoizko bigarren udarik jendetsuena, Guggenheimentzat
488.971 bisitari hartu ditu Guggenheim Bilbao Museoak ekain eta abuztua bitartean, iazko udan baino 10.656 gehiago; Bilboko museoaren historiako bigarren udarik jendetsuena izan da, 2023koaren atzetik.
Ekainean 116.064 bisitari bertaratu ziren Museoko erakusketetara, 163.426 uztailean eta 209.481 abuztuan, iaz baino 14.527 gehiago.
Publikoaren % 81 Espainiako Estatutik kanpokoa izan da, eta jende gehiena Frantziako Estatutik (guztizkoaren % 15), Britainia Handitik ( % 10), Alemaniatik (% 10), Italiatik (% 9), Herbehereetatik (% 8) eta AEBtik (% 7) etorri zen.
Egunik jendetsuena abuztuaren 10a izan zen: 9.097 bisitari izan ziren guztira.
Erakusketa hauek egon dira bisitagarri udan: Ruth Asawa: Atzerabegirakoa (irailaren 13ra arte); Jasper Johns: Night Driver, BBVA Fundazioak babestua (urriaren 12ra arte); in situ: Igshaan Adams. Hautsa harrotzen: Gorputzaren artxiboa (azaroaren 1era arte) eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak, BBK banku-fundazioak babestua (iraunkorra).