Bilbo, Donostia eta Gasteiz blindatuta daude, Blocusek txikizioa egiteko egindako deialdien aurrean
Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetako erdiguneko dendek egurrezko oholak jarri dituzte erakusleihoetan, babes gisa. Ertzaintza eta udaltzaingoak "erne eta koordinatuta" egongo dira egunean zehar egoeraren jarraipena egiteko. Poliziak 20 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Bilbon, Blocusekin lotura zuelakoan.
EAEko hiru hiriburuak blindatu egin dira gaurko, Halloween ospakizun betean, saltoki eta hiri altzarietan kalteak egiteko Blocus mugimenduak egin dituen deialdiak tarteko. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohartarazi duenez, baliteke mugimendu horretako kideak legeztatuta eta komunikatuta dauden 25 manifestazio eta elkarretaratzeetako batean sartzea triskantza eragiteko. Horren aurrean, Ertzaintzak eta udaltzaingoek "erne eta koordinatuta" jardungo dute.
Horrekin lotuta, Espainiako Poliziak 20 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Bilbon, mugimenduari lotutako sare sozialetako kontu baten administratzaile gisa identifikatu ostean.
Bilbon, Zazpikaleetako eta erdiguneko denda batzuek —Plaza Biribilekoak eta Kale Nagusikoak, gehienbat— egurrezko panelak jarri dituzte erakusleihoetan, arpilatzeak eta txikizioak saihesteko.
Donostian ere, gauza bera egin dute erdiguneko hainbat establezimendutan, Askatasunaren Hiribidean, Hernani eta San Bartolomen kaleetan bereziki. Dekorazio dendak eta gama altuko arropak saltzen dituzten dendak dira gehienak.
Gasteizen, berriz, oraingoz behintzat, ez dute horrelako neurririk hartu. Hain zuzen ere, Blocusen deialdiei "kasurik ez egiteko" eskatu zuen atzo Maider Etxebarria Gasteizko alkateak. Sare sozialetan zabaldutako deialdi horretan, "mozorrotuta joateko eta txikizioa egiteko" aldarria egin dute, "eskubide, berdintasun, etxebizitza eta osasun publiko gehiago" aldarrikatzeko.