Delitu kopuruak % 1,2 egin du behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irailera bitartean
Urtarriletik irailera bitartean, 109.512 delitu erregistratu dira guztira: % 79,6 presentzialak izan dira, eta % 20,4, informatikoak.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ostiral honetan argitaratu ditu 2026ko lehen bederatzi hilabeteetako delinkuentziari buruzko datuak. Horien arabera, delitu kopuruak % 1,2 egin du behera 2025eko epe berarekin alderatuta.
Guztira, 109.512 delitu erregistratu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan urteko lehen bederatzi hilabeteetan; horien % 79,6 aurrez aurre egindako delituak izan dira, eta % 20,4, delitu informatikoak.
Delitu ohikoenak ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkakoak izan dira: 59.965 arau-hauste penal erregistratu dira, 2025eko epe berean baino % 5,4 gutxiago.
Multzo horretan, ebasketak dira ugarienak: 33.140 izan dira, aurreko urtean baino % 8,6 gutxiago. Bigarren lekuan daude iruzur informatikoak, 19.571 salaketarekin; ziberespazioan egindako delitu guztien % 87,9 dira.
Delitu larrienei dagokienez, 9 hilketa izan dira irailera arte, aurreko urteko epe berean baino bat gutxiago, Segurtasun Sailaren datuen arabera.
Bestalde, Ertzaintzak eta udaltzaingoek 9.826 lesio-delitu erregistratu dituzte. Horietatik, % 32 familia-eremuko tratu txarrekin lotuta daude.
Sexu-askatasunaren aurkako 996 delitu ere salatu dira, iaz baino 76 gehiago.
Azkenik, aldi horretan, poliziek 11.448 atxiloketa egin eta 32.708 pertsona ikertu dituzte.