Patinete elektrikoak EAEko garraio publikoan sartu ahal izango dira
Euskadiko Garraio Agintaritzak altxatu egin du orain arteko debekua, eta, bestalde, garraio publikoko egungo hobariei eustearen alde egin du.
Bi pertsona patinetean, Gasteizen. Irudia: EITB
Trenean, tranbian eta autobusean patinete elektrikoak eramateko debekua bertan behera geratuko da, Euskadiko Garraio Agintaritzak murrizketen amaiera onartu baitu, betiere indarrean dauden arauak betetzen badituzte.
Ibilgailu horiekin garraio publikoan sartu ahal izateko, baldintza batzuk bete beharko dituzte: Ibilgailu Pertsonal Arinen Erregistroan inskribatuta egon, identifikazio-etiketa eraman eta dagokion ezaugarrien ziurtagiria izan beharko dute, eta erantzukizun zibileko asegurua izan beharko dute. Baldintza horiek betetzen ez dituzten patineteek debekatuta jarraituko dute, espazio publikoan zirkulatzea debekatuta duten bezalaxe.
Patineteen erabilerari buruzko aldaketak egin dituzte Ibilgailuen Erregelamendu Orokorrean, eta urtarrilaren 22an sartuko dira indarrean. Testuinguru horretan hartu du erabakia Euskadiko Garraio Agintaritzak, autonomia-erkidegoko garraio publikoko administrazio eta operadore nagusiak koordinatzen dituen erakundeak.
Garraio publikoan beherapenek jarraituko dute
2022tik aplikatzen ari diren deskontuak 2027an mantentzearen aldeko apustua egin du garraio agintaritzak, egungo deskontu-egiturari jarraipena ematen bazaio: % 50ekoa gazteentzat, doakoa 16 urtetik beherakoentzat (Espainiako Gobernuak ordaintzen duena) eta % 40koa herritar guztientzat. Horren finantzaketa erakudeen artean banatzen dute: Espainiako Gobernua (% 20), Eusko Jaurlaritza (% 10) eta operadore bakoitza (% 10).
Estatuko laguntzak bertan behera utziz gero, Bat, Barik eta Mugi txartelak erabiltzen dituzten herritarrentzako deskontuak % 20ra jaitsiko dira, eta doakotasuna 12 urtera arte mugatuko da.