Behin-behineko espetxealdia ezarri diote adingabeen sexu-askatasunaren aurkako delituak egotzita atxilotutako Romo FCko entrenatzaileari
Orain arte zazpi salaketa jarri dira, baina ikerketak zabalik jarraitzen du biktima gehiago dauden argitzeko.
Epaileak behin-behineko espetxeratzea agindu du adingabeen sexu-askatasunaren aurkako delitu bat egotzita atzo, osteguna, atxilotutako 30 urteko gizonarentzat. Akusatua Romo Futbol Clubeko entrenatzaileetako bat da.
Asteazken arratsaldean jarri zituzten lehenengo lau salaketak, eta Getxoko ertzain-etxeak ikerketa abiatu zuen berehala, salatutako gertakarien ustezko egilea identifikatzen saiatzeko. Ikerketaz arduratzen diren agenteek aurrekaririk ez duen 30 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo bertan. EITB Mediak jakin duenez, dagoeneko zazpi salaketa jarri dituzte.
Ikerketak zabalik jarraitzen du, biktima gehiago dauden argitzeko.
Romo auzoko Itzubaltzetako Talde Feministak elkarretaratzea deitu du larunbaterako, urriak 31, 12:00etan, Gobela kiroldegiaren aurrean, gertakariok salatzeko.