Blocus, Europako gazteen artean mobilizazioak deitzeko sare sozialen bidez zabaldutako traola
TikTok bidez zein mezularitzako aplikazioen bitartez, gazteak protesta deialdietara erakartzen ditu "blocus" hitzak. Izan ere, traola horri lotutako protestak Europako hainbat herrialdetara iritsi dira. Bitartean, kontu horien atzean nor dagoen ikertzen ari da Polizia.
"Blokeoa" esan nahi du sare sozialetan azkenaldian bolo-bolo zabaldu den blocus frantsesezko hitzak. Gazteen artean erabiltzen dute aipatutako traola.
TikTok bidez zein mezularitzako aplikazioen bitartez, gazteak protesta deialdietara erakartzen ditu berba horrek. Izan ere, traola horri lotutako protestak Europako hainbat herrialdetara iritsi dira. Bitartean, kontu horien atzean nor dagoen ikertzen ari da Polizia.
Hezkuntzari lotutako protestetan parte hartzeko deia egiten duten mezuetan agertu zen lehenik, baina orotariko deialdietara zabaldu da denbora gutxian. Bartzelonan ere arretagune bihurtu dira termino horren bidez zabaldutako deialdiak, urriaren 24ko protestetan izandako istiluen ondotik.
Hain zuzen ere, mezuen jatorria eta horiek zabaldu dituzten kontuen arteko lotura ikertzen ari dira. Oraingoz, ez dute baieztatu traola horri lotutako deialdiak erakunde jakin bati dagozkionik.
Dirudienez, mugimenduak QR kode bat du Telegram zein WhatsAppeko taldeekin bat egiteko, eta horrek protestetan parte hartzeko argibideak ematen ditu: nola jantzi, elkarguneak eta ibilbideak, besteak beste.
Frantziako Estatuko protestetatik Europako sareetara
Blocus terminoa Frantziako Estatuko ikasleen mobilizazioen testuinguruan kokatzen da, non ikastetxeen blokeoak protesta modu bat diren.
Italian, Belgikan, Alemanian eta Herbehereetan ere antzeko bideetatik egin antolatu izan dituzte mobilizazioak, nahiz eta herrialde guztietan ez duten izen edo termino bera erabili.
Denetan, baina, sare sozialak izan dira deialdien hedapenaren giltza. Bideo laburren, kartel digitalen eta traolen bidez, mezuak azkar partekatzen dituzte gazteek, eta ikasle taldeetako kide ez diren erabiltzaileengana iristen dira.
TikTok eta mezularitza taldeak, hedapen kanalak
Deialdietako batzuk TikToken sortutako profil anonimoen bidez zabaldu dira.
Ildo horretan, Bartzelonako kasuan, profilak nork kudeatzen dituen eta horien artean koordinaziorik ba ote dagoen ikertzen ari dira Esquadra Mossoak.
Dena den, gertakarien ondoren, kontuetako batzuk ezabatu egin zituzten, eta horrek zaildu egin du profil horien atzean nor dagoen jakitea.