ESTRESA EUSKADIKO FAMILIENGAN

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eusko Jaurlaritzak familien estresa prebenitzeko eta murrizteko neurriak bultzatuko ditu

Familiek eguneroko presioa nola bizi duten aztertzen duen ikerlanak nabarmendu du familien estresa murrizteko ikuspegi partekatua behar dela: ohitura osasungarriak, laguntza komunitarioa eta neurri instituzionalak.

umeak haurrak ikasturtea eskola niños niñas-curso-escolar-escuela-padres-madres-efe

Familia bat, eskolara bidean. Artxiboko argazkia: EFE.

"Estresa Euskadiko familiengan" txostenaren gomendioetatik abiatuta, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak hainbat jarduera bultzatuko ditu familien ongizatea sustatzeko, estres handiko egoerak prebenitzeko eta gainkarga duten familiei laguntzeko. 

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak eman ditu xehetasunak, Donostian gaur goizean egin den aurkezpenean. 

Aipaturiko txostena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiek eguneroko presioa nola bizi duten aztertzen duen ikerketaren emaitza da. Hainbat errealitate eta udalerritako familien esperientziak bildu dituzte, eta adituen ekarpenak eta haur eta nerabeen ikuspegia ere jaso dute. 

Txostenaren arabera, familia askok erritmo bizkorrari, zereginen saturazioari eta denera iristeko zailtasunari lotutako estres iraunkorra dute. Gainkarga horrek bizikidetzari, egoera emozionalari eta, batzuetan, hazkuntza moduari eragiten die. 

Estresa sortzen duten barneko eta kanpoko faktoreak

Txostenak familien estresarekin lotutako hainbat barne faktore identifikatzen ditu, hala nola metatutako nekea, gainkarga mentala eta emozionala, zereginen eta zainketen banaketa desorekatua, "dena bikain egiteko" presioa, bizikidetzako gatazkak eta nerabezaroan mugak eta autonomia kudeatzeko erronka. 

Kanpoko faktoreen artean, honako hauek aipatzen dira: lana eta familia kontziliatzeko zailtasunak, eskola ordutegiak eta lan ordutegiak uztartzeko zailtasunak, eskola karga zein hezkuntza etapa berriek eragindako aldaketak, teknologiaren eta sareen eragina familia bizitzan, eta egiturazko arazoak, hala nola etxebizitza desegokia eta hazkuntzarako babesik eza. 

Hurrengo pausoak eta iragarritako neurriak 

Hori guztia dela eta, Jaurlaritzak hainbat neurri bultzatuko ditu. 

• Familientzako orientazio gida praktiko bat argitaratzea, denboraren antolaketari, erantzukidetasunari, emozioen kudeaketari, etxeko komunikazioari eta pantailen erabilerarako akordioei buruzko gako sinpleekin.

• Gurasotasun positiboko eta hazkuntzan laguntzeko programak bultzatzea, etapa sensibleetan (0-6 eta nerabezaroa) arreta berezia jarrita.

• Laguntzarako komunitate espazioak indartzea, hala nola familia taldeak eta hurbileko baliabideak, isolamenduari aurre egiteko eta sareak bultzatzeko.

• Familiaren eta eremu hezitzaileen arteko koordinazioa hobetzea, tentsioak murriztuko dituzten eta komunikazio arina erraztuko duten hezkuntza inguruneak sustatzeko.

• Gizarte sentsibilizazioa familiako estresa ikusarazteko eta espektatiba irrealei lotutako presioa murrizteko, hazkuntza errealistagoa eta iraunkorragoa sustatzeko.

• Deribazio eta laguntza espezializatua estres handiko egoeretan, orientazio profesionalarekin familiaren ongizatea kolokan dagoenean (osasun emozionala, bizikidetza, gatazkak).

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X